Jon GARMENDIA
Idazlea

Oroitu

Hernaniko hilerrian 1936ko urriko fusilatzeei buruzko kantua idazteko eskaera ohorez jaso nuen. Letra bukaeran aipatzen dudan «Pentsatzen dugulako ahaztea dela, hildakoak berriro hiltzea bezela» gerta ez dadin. Zerbaiten defentsan dena eman duten horiei zerbait itzuli behar zaielako, gutxienean oroimena, memoria. Ahanztura egiten baita ororen jabe, eta hartan gaude, Espainiako bazterretan faxista haien oinordekoak boterera ailegatuko diren ikuskizun. Izeba Maitek kontatu zidan Angel Zabaleta STVkoa zen bere osaba gaztea hantxe fusilatu zutela, hildakoei buruz ikertzen hasita Encarnacion Egurceguik kuriositatea piztu zidala oroitzen dut, baita Emakume Abertzale Batzako Maria Bengo 17 urtekoak, eta Gastañares anaiek, Migelek eta Benantxiok, azken horrek «gora Euskadi askatuta!» oihukatu zuela bihotza lehertu aitzin. Aitzol poeta, bederatzi haurren ama zen Emeteria… ia 200 pertsona fusilatu eta enterratu zituzten; ez zen samurra izan kantuaren osaketa, ez. Garai hartan, omenaldi modukorik izan omen zen, hala ere; 1943ko santu guztien egunean ikurrinaren koloreekin lore sorta bat eta idatzi bat agertu ziren: «Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren euzko gogoan toki berezia daukazute». Haserre, egilearen bila margolari bat atxilotu zuten frankistek, hilerriko zaindaria gero, Juanito Goia, idatziak zer zioen galdetuta berak «ez zekiela, ezin baitzuen euskara ikasi frankistek debekatu zutelako»; erantzuna gustatu ez eta bi hilabete preso sartu zuten. Gaur badakigu Elbira Zipitria zela egilea, eta gauza gehiago jakiteko ez dugula fitsik ahantzi behar.