Ander GORTAZAR eta Lorea FLORES
KOLABORAZIOA

Marchetti eta subflubiala

Ideia Yacov Zahavi garraioan adituarena den arren, Cesar Marchetti fisikariak egin zuen ezagun, eta horregatik darama bere abizena: Marchettiren konstantea. Hipotesi horren arabera, pertsonek egunean bidaiatzen pasatzen duten batez besteko denbora konstantea da; aldatzen dena, funtsean, garraiobideen ezaugarriak dira. Hots, azkarrago mugitu gaitezke, baina bidaiatzen ematen dugun denbora konstantea denez, distantzia handiagoak egiten ditugu.

Mendebaldearen argazkia ulertzen laguntzen digu Marchettiren konstanteak, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Gehiago mugitzen gara eta urrunago, eta nahi horri erantzuteko eraikitzen ditugun errepide berriek gurpil hori elikatu besterik ez dute egiten. Iosu Ramirez garraioan adituari irakurri genion: «Lantokitik gero eta urrunago bizi garenez, errepideak kolapsatzen ditugu; horri erantzuteko, errepide gehiago eta hobeak egiten ditugu, eta horrek are urrunago bizitzeko aukera ematen digu. Horrek, berriz ere, auto gehiago sartzen du errepide sarean, eta sarea gehiago kolapsatzen da, egiten ditugun joan-etorriak gero eta luzeagoak direlako, gainera». Eskari induzitua esaten zaio, eta hamarkadak daramatza xeheki dokumentaturik.

Horixe testuingurua eta honatx gaia: subflubiala, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko itsasadarraren azpian egin asmo duen 500 milioi euro pasatxoko tunel berria, autoentzat. Itxuraz, kolapsatutako bide sare baten eskariari erantzungo dion azpiegitura; egiazki, Marchettiri arrazoia ematera datorren enegarren adibidea.

Helburu klimatikoek erregai fosilen erabilera eta berotegi gasen isuriak nabarmen murriztea eskatzen dute, baina trantsizio energetikoa ez da energia iturriak ordezkatzea soilik: energia garbiagoa ekoizteaz gain, energia gutxiago kontsumitzen duen gizartea ere eraiki behar dugu -are gehiago, kontuan hartzen badugu energia garbia sortzeko erakusten dugun ezintasun kolektiboa-. Stop Fosilak elkartearen proposamenaren arabera, 2050erako energia kontsumoa %45 murriztu behar dugu, eta garraioari dagokiona, %63. Ibaizabal itsasadarraren azpitik autoentzako bi tunel berri egitea porrot egin duen eredu fosilista zaharra errepikatzea da, behar dugunaren aurkakoa, Bizkaiko bidegorrien sarea ez atzera ez aurrera dagoen bitartean. Aurrekontuko dirua nora bideratzen den, horra hor mugikortasun politiken benetako neurria. Horregatik guztiagatik, guk ere dei egiten dugu urriaren 24ko mobilizazioarekin bat egitera.

Nola eraldatu mugikortasun eredua, bada? Energia gutxiago kontsumitzen duen, espazio publikoa xahutzen ez duen eta eguneroko jarduerak eskura izateko aukera ematen duen mugikortasun eredu bat nahi badugu, ezinbestean begiratu beharko diogu lurraldearen antolamenduari. Izan ere, lehenbiziko mugikortasun politika lurraldea bera da, eta, bereziki, lurzoruaren erabilera: non kokatu etxebizitzak, non lantokiak, non ekipamenduak. Zertarako inbertitu metroaren sarea zabaltzeko, lantokiak, etxebizitzak eta ekipamenduak autobide irteeretatik gertu eraikitzen tematzen bagara? Zertarako garraio publikoa sustatzeko kanpainak, lurraldeko parke teknologiko nagusia garraio publiko egokia ezinezko egiten duen toki batean zabaldu nahi badugu? Zertarako lehenetsi udalerrietako eremu urbanizagarri berriak, garraio publiko egokia jada baduten hamarnaka eremu eraldatu, dentsifikatu, intentsifikatu beharrean?

Subflubialaren arrakasta auto kopuruan eta bidaiatzeko denboretan salduko digute: «Lantokiak etxeetatik gertuago izango ditugu» -kotxez-, «azkarrago iritsi ahal izango gara helmugara» -kotxez-. Marchettik irribarre egingo du, zirikari. Mugikortasun jasangarria eta kolektiboa berez ahalbidetuko duen lurralde antolamendua behar dugu, eta, era berean, lurralde antolamendu horren alde egingo duen azpiegitura politika bat.