2027KO ARABA EUSKARAZ, TREBIÑUN

Trebiñu eta Araba «euskararen bidez josteko» asmoz, Argantzonen ospatuko dute Araba Euskaraz datorren ekainaren 13an.

Ekainean ospatuko den edizioa aurkeztu zuten atzo Argantzonen.
Ekainean ospatuko den edizioa aurkeztu zuten atzo Argantzonen. (ARABA EUSKARAZ)

Ekainaren 13an ospatuko da 2027ko Araba Euskaraz, Argantzonen. Atzo egin zuten aurkezpena, eta, “Lotuz lortu” lelopean, Trebiñu eta Araba euskararen bidez «josten jarraitzeko» xedeari erantzun nahi diote. Argantzun Ikastolak antolatuko du hurrengo urteko edizioa, eta Arabako gainerako zazpi ikastolen laguntza jasoko du. Urte osoko egitasmoa izango dela aurreratu zuten, eta egitasmoak ikastola sendotzea, euskararekiko konpromisoa zabaltzea eta Trebiñuren eta Arabaren arteko loturak indartzea izango dituela xede gehitu zuten. Trebiñun euskarazko hezkuntza indartzeko eta ikastolaren etorkizunerako sostengua biltzeko aukera izango dela nabarmendu zuten. Araba Euskarazek Trebiñuren eta Arabaren arteko loturak sendotu nahi ditu. Testuinguru horretan, Trebiñuko eta Argantzongo udaletan administratiboki Arabari lotzeko herri galdeketa egitearen alde onartutako mozioak ekarri zituen gogora Unai Mendizabal Araba Euskaraz Elkarteko lehendakariak: «Egitasmoak ekarpena egin nahi du bide horretan, euskararen, hezkuntzaren eta herritarren arteko harremanen bidez». Ikastolen hezkuntza eredua zabaltzeko ere baliatuko dute.