Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
OTHER MOMMY

Armairuan geratu diren ideiak

Bela da protagonista, gurasoen arteko harreman gatazkatsuak baldintzatutako giroan bizi den zortzi urteko neskatoa. Ursula ama (Jessica Chastain) alabarengandik gero eta urrunago dago, betebeharrek eta gatazka pertsonalek irentsita. Etxean, ordea, zerbait bitxia gertatzen hasi da: armairutik entitate misteriotsu bat agertzen da, amaren itxura, ahotsa eta jokabidea imitatzen dituena. Belak “Other Mommy” izena jarriko dio, baina harremana pixkanaka iluntzen joango da.

Rob Savage zuzendariak hasieratik eragin nahi du beldurra ikuslearengan, baina ez dio ia astirik ematen zehazki zeren beldur den ulertzeko. Tramak goizegi erakusten ditu bere kartak, eta tentsioa pixkanaka eraiki beharrean, susto errazetara jotzen du behin eta berriz.

Formalki ere filmak nekez aurkitzen du bere ahotsa. Irudi distiratsu eta artifizialek streaming plataformetako ekoizpen askoren estetika generikoa dakarte gogora. Efektu digitalen gehiegizko erabilerak ere ez du beldurra areagotzen, kontrakoa baizik: giroa hoztu eta ezinegona ahultzen du.

Amatasunaren irudikapenak, berriz, badu zer eztabaidatua. Ursula ordezkatzen duen izakia ez da izaki beldurgarri bat soilik, gabezia afektibo bati emandako erantzuna ere bada. Ama urrun dagoen tokian, izakiak arreta eskaintzen du; distantziaren ordez, intimitatea; mugen ordez, etengabeko presentzia. Baina filmak ez du ideia horretan sakontzen, eta amatasunaren inguruko diskurtso zaharkitu bat errepikatzeko intentzioa sumatzen zaio: familiaren oreka emozionalaren ardura nagusia amari egoztea.

“Other Mommy” filmak baditu ikuslea aztoratzeko baliabideak, eta hasierako planteamenduak jakin-mina pizten du, baina, aurrera egin ahala, filmaren mugak gero eta agerikoagoak dira.