G.I.
HERNANI
LEONES DE INVIERNO

Iraganak berriro orro egiten duenekoa

Albert Pinto zinemagile katalana thrillerraren mundura itzuli da “Leones en invierno” filmarekin, Luis Zahera protagonista duen mendeku, dolu eta indarkeria istorioa. Zuzendariak, oraingoan, galerak eta iraganak markatutako lurralde ilun batean murgilduko du ikuslea.

Tragedia batekin hasiko da istorioa. Auto baten gidariak neska gazte bat harrapatu eta ihes egingo du. Hasieran, ohiko istripua dirudi, baina egoera korapilatu egingo da laster: gidaria narkotrafikoaren aurkako operazio batean infiltratuta dagoen polizia da.

Gaztearen heriotzak bere aita, Hidalgo (Luis Zaherak antzeztua), lur jota utziko du. Gaur egun gizon lasaia da, indarkeriatik urrun bizi dena. Baina hori ez da beti horrela izan. Iraganean, Hidalgo Ultra Sur talde neonaziko buruetako bat izan zen. Tragediak urteetan lurperatuta egon den gizon hura berriro azaleratzea eragingo du.

Albert Pintok galeraren, identitatearen eta indarkeriaren inguruan eraikitako thrillerra proposatzen du.

Zaherarekin batera, Roberto Alamo, Luis Callejo, Jose Manuel Poga, Inma Cuesta eta Maria Romanillos aktoreek osatzen dute antzezle taldea. Haiekin batera izango da Amaia Aberasturi aktore bizkaitarra ere.