Amagoia MUJIKA
EUSKAL HERRIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Munstroa esnatu da, Ibarzabal garaile Eibarren

Nerea Ibarzabalek berak hasierako agurrean kantatu zuenez, bertsoa Frankenstein balitz eta atzoko seikoteak norbere puska onenak batzen asmatuz gero, izara kendu eta munstroa esnatuko litzateke. Eta esnatu zen. Finalaurreko bikaina atzo Eibarko Ipuruan. Ibartzabal lehena, 740 punturekin. Eta segidako laurak ere oso puntuazio onekin.

Atzoko saioaren une bat.
Atzoko saioaren une bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

1.800 lagun Eibarko Ipurua kiroldegian. Aretoa galako trajez, finalaurreko usain sarkorrez. Zozketaren aginduz osatu zuten ilara: Alaia Martin, Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe, Asier Azpiroz, Nerea Elustondo. Igo ziren oholtzara, eta majo astindu zuten plaza, hitzak eta argudioak artez tolestuz. Txapelketa da, eta puntuek asko agintzen dute. Baina, atzo arratsaldean, Eibarren kantatu zuten sei bertsolariek lortu zuten plaza gora ekartzea uneren batean. Eta batzuek, behin eta berriz.

Badira belarriekin bakarrik entzun ezin diren bertsoak, baimenik eskatu gabe gorputzean sartzen direnak. Horrelako asko lehertu ziren atzo. Nerea Ibarzabalen bakarkakoa izan zen une magiko horietako bat. Gaiak, lehen begiratuan, ez zuen distira handirik: «Egunero ordu erditik gora gidatu behar izaten duzu lanera joateko. Gaur ere, bidean zoazela, istripu larri bat izan dela ikusi duzu». Ibarzabalek puntadaz puntada, sekulako distira atera zion, orratzarekin zizta eginez Ipuruako entzuleen azaletan. Euskal Herrian barna ordezkapenak egiten dabilen irakasle gazte prekarioaren ahotik aritu zen. «Heriotzak gidatzen du nire ondoko karriletik», amaitu zuen lehena. Bigarrena, markoa jartzekoa: «Anbulantzia hor dago ta trafikoa geldoa/ mediku pare bat dabil lanean erdi eroa/ ta izara baten azpian pertsona baten beroa/ agian albisteetan bihurtzear numeroa/ irakasleen sistema sailarentzat hain sendoa/ baina gazte prekario bat berriz kaminoan doa». Eta, hirugarrenean, errematea: «...heren triste bat jornadan ta halere zorte itzela/ amari idatzi diot goiz guztietan bezela/ euria ari duen arren ondo iritsi naizela». Bakarkakoa Ibartzabalen saioaren lagin bat baino ez da, aparteko mailan aritu baitzen ariketa guztietan. Ofizioetan bizi ibili zen, ondokoari erantzuten eta entzulea ideiekin xaxatzen.

Puntutan bigarrena Alaia Martin izan zen, 722 punturekin. Oiartzuarra oso zorrotz eta fin aritu zen. Oihana Iguaran eta biek abiatu zuten saio puntuagarria zortziko handian. Eta hor eman zuten abisu nola zetorren bertso arratsaldea.

Lehen olatuak altxatu zituzten eskuz esku. Hauxe zuten gaia: «Lagunak zarete. Umerik ez izateko hautua egin zenuten aspaldi. Oraindik ere umeak noiz izan behar dituzuen galdetzen dizuete askotan».

Martinek ireki zuen bidea: «...hementxe gaude zutik ta harro nahiz ta den mila esames/ gu emakume osoak gara haurrak eduki ala ez». Eta Iguaranek jarraitu, «...arroza pasa behar zaidala datozkit haur bat sustatzen/ ta ia ez dakit nola azaldu ez zait arroza gustatzen».

Bakarkakoan doinu berria atera zuen Martinek, oso doinu berezia. Azken aurreko puntuan, hirutan egiten du errepika eta azkenerako bertsozaleak ere ikasi zuen. Doinu berria ateratzeak dakarren arriskua gorabehera, oiartzuarrak oso goitik josi zuen bakarkakoa. Gaiak egoera berezian jarri zuen. Hildakoak makillatzea eta prestatzea izan zen bere lana. Eguneko hirugarren gorputzaren aurrean jarri zuen gai emaileak Alaia Martin. Berezkoa duten begiratu berezi horrekin, lehena honela amaitu zuen: «...denei hitz egiten diet bizirik baleude gixa/ beraiengan pentsatzen dut bizitzak babestu ditzan/ señora ezpain gorriez zeinen dotore zabiltzan/ guapa-guapa egon zaitezen (hirutan) zure hurrengo bizitzan».

Hirugarrena, Miren Artetxe gelditu zen. Saio guztian zehar, behin eta berriz asmatu zuen bere begiratua eta ahotsa ekartzen, eta plazak majo eskertu zion. Zortziko txikian, adibidez, Nerea Elustondok eta biek ofizio bikaina josi zuten. Artetxe medikua zen eta Elustondo Interneten sintomak bilatu eta bere diagnostiko propioa egiten zuen gaixoa. Elustondok bota zion Artetxeri: «Internet bihurtu zait egizko aukera/ beti baitzabiltzate greba eta greba».

Eta Artetxek erantzun, «Larrutan bazabiltza beti amarruka / ta BDMS latigoa hartuta/ ta baldin badauzkazu pezoiak lehertuta/ Nerea ba ez da izango ba grebaren kulpa».

Laugarrena puntutan, Oihana Iguaran izan zen. Bakarkakoan plaza zeharkatu zuen bere hitzekin. Gaia, hauxe: «Euskaltzalea zara. Zure herriko plazan pintada bat agertu da gaur: etorkin gehiegi euskararentzat».

Iguaranen lehenengoa: «zein izan leike herri bat definitzeko kabida/ euskara hiztunok gara ta euskara hain handi da/ gerturatzeko prest dauden guztiak kabitzen dira».

Bosgarrena, Nerea Elustondo. Behin eta berriz astindu zuen plaza bere ironia zorrotzarekin, mundua zirikatzeko bere arte berezi horrekin. Orokorrean, jendeak barre dezente egin zuen saioan.

Eta seigarrena Asier Azpiroz izan zen. Bere marka propioa utzi zuen saioan zehar, eta, Ibartzabalekin batera, goian amaitu zuen saioa, hamarreko txikiko ariketa bikain batekin.