Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
WILD HORSE NINE

Espioien azken misioa

Malkovich eta Rockwell dira protagonistak: Chris eta Lee, Txilen lanean ari diren CIAko bi agente. Hasiera batean espioitza eta konspiraziozko istorio bat dirudiena, pixkanaka, adiskidetasunari, erruari, zahartzaroari, heriotzari eta memoriari buruzko filma bihurtzen da.

Thriller politiko bat espero duenak ez du halakorik aurkituko. Dimentsio politikoa pertsonaien gainean proiektatzen den itzal moduko bat da, baina filmak ez du CIAren jarduna sakon aztertzen. Horren ordez, bi protagonisten bizitzan eta barne-gatazketan jartzen du arreta. Urte luzez moralki gaitzesgarriak diren ekintzak egin ondoren, bizitzaren azken txanpan daude, eta orduan hasten dira beren buruari galdetzen zer zentzu izan duen orain arte egindako guztiak. Sam Rockwellen eta John Malkovichen interpretazioak bikainak dira. Filmak bizitzaren amaierara iristen ari diren bi pertsonaiaren inguruan eraikitzen du kontakizuna. Horregatik, denbora eta espazioa eskaintzen dizkie hitz egiteko, oroitzeko eta beren buruarekin nahiz besteekin kontraesanean sartzeko. Baina hautu horrek eragina du filmaren erritmoan, eta zenbait unetan narrazioa gehiegi luzatzen da.

Umore beltza oso presente dago, eta hor sortzen dira filmaren zalantza nagusietako batzuk. Dibertigarria da, eta asmo politikoa argia du, baina bi dimentsio horiek kontraesanean sartzen dira zenbait unetan. McDonaghek inperialismo estatubatuarra eta CIAren jarduna kritikatzen ditu, baina, aldi berean, gizatasun handiz eta begikotasunez irudikatzen ditu protagonistak. Horrek, pasarte batzuetan, haien ekintzen larritasuna gehiegi leuntzen du.