Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Kontserbazioa

Iragan astean BilbaoArte sorkuntza artistikorako zentroan izan ziren “Contigo no bitxo” (Zurekin ez zomorro) jardunaldiek zenbait artista (Euskal Herrikoak, Euskal Herrian lan egiten dutenak zein Espainiakoak) bildu zituzten beren obrari buruz gogoeta egin zezaten, betiere kontserbazio prebentiboaren ikuspegitik. Anekdota bat baino gehiago zuten denek erabilitako materialen, erakusketa sistemaren edota estudiotik erakusketa gunera eramateko erabilitako garraio motaren ondorioz beren artelanekin hartutako sustoen gainean. Umore handiz kontatu zituzten gertaerak, nahiz eta bizitako unean ez zitzaizkien hain barregarriak iruditu. Kontu batean bat zetozen: artelan bati ekiteko garaian, artista gehienek ez dute aztertzen obra horrek zer bilakaera material izango duen denbora pasatu ahala, ezta zer neurri har daitezkeen bilakaera horrek obraren izatea zapuztu ez dezan. Arazoa ez da interes falta; Miriam Ocarizek eta Eduardo Sorrouillek esan zuten bezala, arte ederretako ikasle ziren garaian inork ez zien gauza hauetaz hitz egin. Beraientzat kontserbazioa garai bateko ondareari loturiko zerbait zen.

Gauzak aldatzen ari dira. “Contigo no bitxo”-ren zortzigarren edizioa izan da aurtengoa, eta atzean duen lantaldea gogotsu ari da hurrengo urtean (eta ondokoetan) jarraipena izan dezan.