Euskarazko Wikipedia, Interneten ere lehen hitza euskaraz izan dadin
Mende laurdena beteta, 500.000 artikuluren langa gainditu du Euskarazko Wikipediak, boluntarioek egindako milaka ekarpenei esker. «Wikilari» esaten diote euren buruari boluntario horiek. Jakintza librea ez ezik, euskararen presentzia bera sustatzen dute sarean, genero arrakala murrizteko lan egitearekin batera.

Mende laurden beteta «osasuntsu» dago Euskarazko Wikipedia eta oso aktibo mantentzen da hura elikatzen duen komunitatea. 500.000 artikulutik gora idatzi dituzte boluntario edo wikilariek sarean jakintza librea eta euskararen presentzia bultzatzeko, baita genero arrakala murrizteko ere. «Lehen hitza Interneten euskaraz izatea garrantzitsua da, badakigulako jende askok euskaraz kontsumitu nahiko lukeela, eta, bere nabigatzailea euskaraz ez dagoenez, gaztelaniara jotzen duela», azaldu dio Galder Gonzalez Wikilarien Kultur Elkarteko kideak NAIZ Irratiari.
Wikipedia 2001eko urtarrilean jaio zen ingelesez, «ideia nahiko ero horrekin». Gonzalezek gogora ekarri duenez, «edonork editatu dezakeen entziklopedia». Urte horretan, webgunea beste hizkuntza batzuetara zabaldu zen; katalana izan zen, adibidez, Wikipedian edukiak eskaini zituen bigarren hizkuntza. Urte hori amaitu aurretik emango zituen bere lehen urratsak Wikipedian euskarak ere. «Lehenengo edizioa egin zuen wikilariak berak kontatu zidan aldizkari batean ikusi zuela erreportaje bat eta hala erabaki zuela lehen artikulua idaztea. Lur planetari buruzkoa izan zen Euskarazko Wikipediako lehen edukia, 2001eko abenduaren 6an. Gerora hazkunde txikia izan zuen eta 2005-2006tik aurrera hasi zen indarra hartzen», agertu du wikilariak.
MILIOI ERDI ARTIKULUTIK GORA
Wikipedia sortu zenetik 25 urtera, badira euskarak bertan ezarritako mugarri batzuk, batez ere hizkuntzaren hiztun kopurua eta irismena kontuan hartuta. Milioi erdi artikulu gainditzea izan da betetako azken helburua. Wikipedian euskarak duen presentziaz eta egoeraz galdetuta, hainbat neurgailu daudela erantzun du Gonzalezek. «Artikulu kopuru absolutuan, 33. hizkuntzarik onena da. Bada zerbait». Baina kopuruaz harago, kalitatea ere bada hizkuntza jakin batek Wikipediari egindako ekarpena neurtzeko modua. Nazioarteko Wikipediaren komunitateak ezarritako 1.000 gai garrantzitsuenei erreparatuz, «hor hizkuntzarik onena gara katalanarekin batera» Wikilarien Kultur Elkarteko ordezkariak dionez.
Antzeko helburu bat jarri zuten zehaztutako 10.000 artikulurekin. Eta langa hura gainditu duten hizkuntza bakarrak, euskara eta arabiarra dira uneotan. Horren arrazoia boluntario aktiboak izatea da. Horri esker mantentzen da Euskarazko Wikipedia «osasuntsu».
Hala ere, Euskarazko Wikipedian egindako bisitetan batez beste %20ko jaitsiera eman da, Galder Gonzalezek ohartarazi duenez. Alde positiboa da ez dela soilik euskarari eragiten dion zerbait, Wikipedia guztietan, hedabideetan eta dibulgazioko webguneetan fenomeno orokorra baita. Jaitsiera hori adimen artifizialaren hazkundearekin dago zuzenean lotuta eta, zehatzago, Google bilaketa zerbitzuaren Geminirekin. «Hor badugu erronka», ondorioztatu du Gonzalezek. Funtsean, adimen artifizial horrek bere erantzun propioak lehenesten dituela jakinda, horren aurrean erabiltzaileen fideltasuna nola bermatu da gakoa.
ADIMEN ARTIFIZIALAREKIN UZTARKETA
Wikipedia eta adimen artifizialaren artekoa «harreman korapilatsua» dela dio Gonzalezek, mehatxuak eta aukerak mailakatzen baitira. Eta hor ere gakoa berdina da: gelditzeko etorri den teknologia horren abantailak baliatzen ikastea, zerbitzu hobeagoa eskaintzeko, baina funtsezkoa den erabiltzailearen ekarpena baztertu gabe.
Erronka horiei irtenbidea emateko moduetako bat izan daiteke Wikipediak berezkoa duen izaera bultzatzen jarraitzea eta hobetzea: edukia sortu eta eguneratu. Ahal den kasuetan aberastu, atal bereziak sortuz, Txikipedia bezala adibidez. Azkenik, partekatu eta dagokion iturriaren aipamena egin, beste edozein entziklopediarekin egingo litzatekeen bezala. Izan ere, Wikipediak duela urte batzuk eragindako zalantzak desagertuz joan dira, eta gaur egun, jakintza partekatzeko tresna baliagarria dela erakutsi du, Galder Gonzalezen arabera, lizentzia askeari esker. «Euskara bezalako hizkuntza batean zerbait sortzea eta berrerabiltzen ez uztea epe luzera ekimen txarra dela uste dut», adierazi du.
WIKIEMAKUMEOK TALDEA
Azaroaren 6an Bilboko Euskal Museoan egin zuten 25. urteurrena behar bezala ospatzeko ekitaldia. Wikilarien komunitatea batzeko aukera ere izan zen. Horietako bat da Marisa Barrena durangarra. Durangoko Wikilarien taldeko kide da. «Wikilari jubilatua naiz. Zortzi urte daramatzat Wikipedia elikatzen eta nire helburuak genero arrakala murriztea eta euskara bultzatzea dira. Horretan saiatzen naiz», azaldu du.
Durangoko Wikilarien taldea 2020an sortu zen. «Astero biltzen gara. Oporrak hartzen ditugu Gabonetan eta udan, baina bestela astero biltzen gara. Esan behar da gizonek ere ateak irekita dauzkatela, nahiz eta Wikiemakumeok izena daramagun. Gizon batzuek ere parte hartzen dute».
Emakumeen biografiak igotzen dituzte batik bat Wikipediara, euskaraz. Horietako batzuk beraiek sortzen dituzte eta beste asko euskaratu egiten dituzte. «Durangon honezkero 13.600 biografiatik gora igo ditugu. 1.500 bat guk sortuak dira eta besteak itzuliak. Ingelesetik, frantsesetik eta gaztelaniatik itzultzen ditugu gehienbat. Esate baterako, ingelesetik itzuliak ditugu gaztelaniaz ez daudenak ere. Ingelesetik itzultzen duen horrek poztasun handia hartzen du hori ikustean, euskaraz baditugula eta gaztelaniaz ez!», kontatu du.
«Gure taldearen inguruan beste emakume talde batzuk ere sortu dira: Bidasoa-Oarsoaldean, Ondarroan, Beasainen, Sestaon, Arratian, Iruñean... Helburu horrekin egiten dugu lan. 2017an %13koa zen emakumeen presentzia Euskarazko Wikipedian, eta gaur egun %37koa da. Egin dugun lanak, txiri-txiri, aletxoka-aletxoka fruitua eman duela esango nuke, eta horrek asko motibatzen gaitu jarraitzeko», nabarmendu du.
ERREFERENTE FALTAK MOTIBATUTA
Wikiemakumeok taldeko kideek indar handia hartu zuten 25. urteurreneko ospakizunean. «Elkar ezagutzeko eta besarkatzeko aukera izan genuen. Izan ere, sarean mugitzen gara, eta batzuetan ez dugu elkar ezagutzen ere. Guretzat ahizpatasuna lantzeko egun handia izan zen», baloratu du Marisa Barrenak. «Indartsu jarraitzen dugu, nahiz eta jubilatuak izan eta urte asko izan. Emakume taldeak askotarikoak dira. Gazteak ere badaude, lanean ari direnak. Baina guk denbora gehiago dugu. Irakaskuntzatik gatozenok batez ere, erreferente falta ikusi dugu. Testu liburuetan gizonak aipatzen dira eta gutxitan emakumeak. Erreferente falta horrek emakumeak bistaratzera eta emakumeak Wikipediara ekartzera motibatzen gaitu».
Guztiok edan dugu iturri horretatik, baina garai batean irakasleek ez zuten onartzen Wikipediatik informazioa. Galder Gonzalezek oroitu duenez, badago ikerketa interesgarri bat Massachusettseko MIT institutuak egin zuena. «Zientziako puntako 500 bat artikulu eskatu zituzten Wikipediarako. 250 bertan argitaratu ziren eta beste 250 plazaratu gabe gelditu ziren. Handik urte batzuetara hitz gako batzuen erabilera neurtu zuten eta aldizkari zientifiko guztietan argitaratutako artikuluetan agertzen ziren hitz zehatzen igoera ikusi zuten. Hemen badago zerbait hezkuntzan erabiltzen ari dena».
TXIKIPEDIA
Ideia horrekin sortu zuten Txikipedia, ikasleek sarean erabiltzeko. «Wikipedian eta Txikipedian idaztea ere bada ariketa pedagogiko bat; edukia sortu eta argitaratzeko ariketa bat da. Guretzat Wikipedia ez da soilik kontsumorako zerbait: Wikipedian sortzeak, batetik, euskara indartzen du, eta, bestetik, sortuko dutenarekiko ikasleen ardura. Hor ari gara. Egia da Wikilarien Elkartean bagaudela langile batzuk, baina orokorrean boluntarioek egindako lana da eta horrek proiektuekin zenbat ikastetxetara heldu gaitezkeen mugatzen du».
Txikipediak 10.200 bat artikulu ditu eta horietatik 1.700 Zumaiako institutuko ikasleek sortu dituzte. «Pentsa zer egin genezakeen Zumaiako eredua hamar ikastetxera eramango bagenu! Ikasle horiek nola ulertuko luketen argitaratzearen ardura zer den: datu horiek begiratuko dituztela eta ez duela edozerk balio ikusiko zuten».
Norberak bere esparrutik eta interesetik jarduten du, eta guztien ekarpenek eraman dute Euskarazko Wikipedia dagoen lekura, sortu zenetik mende laurdenera. Zorionak eta urte askoz!

Reunidos por EH Bildu: de separarse en Txiberta a llamar hoy a la unidad

EH Bildu abarrota Bilbo por Euskal Herria y contra el auge del fascismo

Ipar Euskal Herria volverá a tener representación 15 años después

Guía para este 11N: huelga, marchas mañana y tarde... ¿y desahucios?
