Hasi eta bukatu

Bira baten kronika hutsetik harago, dokumentalak denboraren joanaz, eraldaketa pertsonal eta kolektiboaz, heldutasunaz eta, batez ere, agur esaten ikasteaz hitz egiten du.
Ezaugarri hauetako dokumentalek, normalean, bi kontatzeko modu izan ohi dituzte. Batetik, musika taldea gurtu eta goraipatzea, haren distira azpimarratzea eta argazkiaren alde ederra bakarrik erakustea. Bestetik, taldea izan den bezala erakustea, bere argi-ilunekin, eztabaidekin, kontraesanekin eta une zailekin. Bigarren bidea da benetan interesgarria.
“Agur esan barik” lanak, neurri batean, bigarren bide hori aukeratu eta oholtzatik harago ere begiratzen du. Une intimoak, kontzertu sinbolikoak, une hunkigarriak eta aldaketa pertsonal zein kolektiboak biltzen ditu. Boisera egindako bidaia, autoan gidatzen doazen uneak, abesti jakin batzuen atzean dagoen sormen-prozesua eta kanta horien eragina -“Euritan dantzan”, “Musturrek Sartunde”, “Urepel”...- eta, jakina, azken kontzertuaren irudiak dira dokumentaleko unerik politenak. Une horietan, kamera bera ere taldekide bihurtzen da.
Kamera aipatzen hasita, ikuspegi zinematografikotik ere lan txukuna da. Elkarrizketetatik harago grabatutako uneetan, kamera ez da batere inbaditzailea. Tartea uzten die protagonistei ahalik eta naturalen azaltzeko eta une pertsonal eta intimoetan askatasunez mugitzeko.
«Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago maitasuna», zioen Berri Txarrak taldeak. Azken kontzertua bukatzen da, oholtza hustu egiten da, argiak itzali, kableak bildu eta aretoa isildu. Baina gero zaleen ahotsak geratzen dira. Eta amaierako audioetan entzuten diren ahots horiek, ezin hobeto transmititzen dute Gatiburekiko egon den eta oraindik dagoen maitasun kolektiboa.

Emateko beldurrik gabe, Ibarzabal hegan Gasteizen

Iñaki Esnaola: «A mi edad he visto tantas olas... EH Bildu está haciéndolo bien»

EH Bildu al alza y PNV a la baja, uno de los pocos consensos demoscópicos

El lehendakari y la consejera vulneraron la ley en el acto del Topo, según la Junta Electoral
