Kosk egiten duten txakurkeriak
Euskal Herrian arrainak ez dira itotzen arrain ustela usainduta ere lotsaz ez hiltzeko bihotza dutelako. Dortokak beti iristen dira berandu eta inork ez du ez-puntualak direla esaten. Behiek zentro komertzial handietan bazkatzen dute beren errapeekin irabazi dutena. Zizareak arrastaka dabiltza lurrean, pinguinoak artesia buruaren erdian orraztuta dabiltza eta hipopotamo guztiak bertakoak eta oso herrikoak dira. Txerriek ezkur txiklea murtxikatzen dute eta kalean txistua botatzen dute, zikinak dira, jende arriskutsua, eta txakurrak bezala kalean txiza egiten dute. Zer gara ba euskal herritarrok? Batzuk loro, besteak ahate eta beste asko bele. Bai, Euskal Herrian bizi... eta txakurrak bezala kosk egiten dugu.
Txakurkeria galanta gertatu da, beste behin, berriz ere, Sortuko presidente Hasier Arraizekin. Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenen inguruan eman zuen hitzaldia aitzakia prestatu dioten zelatarekin. Otso aurkeztu dute Arraiz, gaizto, zital. Eta bai, barne-barnetik gorrotatzen dute txakurrek otsoa, gogoz jango lituzkete honen hondarrak eta bihotza; era horretan, ordezkatzen duen ideia, bidea eta nortasun politikoa ezerezteko. Otsoak oroitarazten dielako txakurrei behinola, antzina, izan zirena; begi bistan jartzen dielako beren duintasun galdua, ugazabaren eskua, eskurakoi, meneko, milikatzera eramaten dituen beren otzantasuna.
Hasier Arraiz otsoak, uxakaitz, harro, Santiren eta Josuren ereduaren gailurretik ulu egin du, beste animaliei eta otsokumeei bere ibilbidearen eta indarren erabilera zehatza erakusten dien eresia. Esanez hori galduko balute, den-dena galduko luketela, ezerezean urtuko liratekeela. Inori mutur aurretik pasatzeke, baina kontzientzietan, estututa, epel, ongi gordetzekoa dela.
Txakurrak ez du otsoa maitatzen, bere arrazako txakurrekin, bera bezalako piztiekin hobeto moldatzen da. Batzuek eta besteek, ordea, bizi beharko dute. Bake-bakean ez bada ere, bizi-borrokan pilatu dituzten esperientzien irudimena aurrenik, eta esperientzion interesa bere baitan baloratuz, gero. Eta azkenik, interesik badute, norbere esperientzien garaipena natural aldarrikatuz; horrek denen irudimenaren balioa frogatuko bailuke.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
