Jon LEUNDA
Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala

Gora jauzia egiteko, lehen bi postuetan amaitu behar da

Eneko Otaño, Joxemari Telletxea, Mieltxo Mindegia, Goizeder Beltza, Iban Resano eta Asier Pellejero neurtuko dira bihar eguerdian Leitzako pilotalekuan.

Iritsi da Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko eguna, bihar izango baita Leitzako Amazabal pilotalekuan, 12.00etan. Kanporaketak abuztuan jokatu ziren, eta saio honetan egon behar duten aizkolariei oso luze egin zaie dena.

Eneko Otaño, Joxemari Telletxea, Mieltxo Mindegia, Goizeder Beltza, Asier Pellejero eta Iban Resano lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Aurreneko bi sailkatuek lortuko dute datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko txartela.

Eneko Otaño da, 19 urterekin, final honetan arituko den aizkolaririk gazteena, baita txapela lortzeko faborito nagusia ere. Beizamakoak egin zuen kanporaketetako denborarik onena. Behetik gora indarrean datorren aizkolari gazte horietako bat da gipuzkoarra, eta kanporaketan erakutsi zuen bezalaxe, finalean ere erakutsi nahiko luke goragoko mailan ere baduela lekua.

Joxemari Telletxea da beste faboritoetako bat. Gipuzkoarrak badaki goragoko mailan aritzea ere zer den. Kanporaketan berea izan zen bigarren denborarik onena, eta Otañorekin batera lehiatu zen, gainera. Aditu guztien ustez bi horien artean omen dago txapela, baina hori bihar baieztatu beharko dute.

Mieltxo Mindegia ere ez da bazterrean utzi behar. Miel Mindegiaren semerik gazteena lehen aldiz ari da txapelketa ofizial batean parte hartzen, eta hirugarren izan zen kanporaketan. Indarra ikaragarri dauka, aizkoran ere badaki, beraz nekeak jotzen ez badu hor aurrean ibili beharko luke zubietarrak.

Goizeder Beltza izan zen kanporaketan laugarrena. Beste hiruretatik oso aparte geratu zen, baina azken urte hauetan finaletan sartuz eta gora igo nahian dabil. Beraz, bera ere ezin utzi alde batera, bestela ezusteren bat izan baitaiteke.

Asier Pellejero eta Iban Resano ere ez dira faboritoen zerrendan agertzen, baina biak azken urte hauetan Bigarren Mailarako jauzia egiteko asmotan ari dira eta biharko finalera asmo horrekin joango dira, eta agian, gainera, faboritoek baino presio gutxiago eramango dute. Bihar eguerdian jakingo da zeintzuk diren bi onenak.