Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Kantuak kantuago dira Mursegoren hirugarren lanean

Maite Arroitajauregiren «Hiru» diskoa kalean da jada. Mursego izenaren atzean ezkutatzen den musikari esperimentala heldu egin da eta aurreko lanekin ikasitakoa bildu du lan berrian. Erritmo afrikarrak, tropikalak eta loop teknika baliatu ditu, besteak beste.

Maite Arroitajauregi eibartarra Mursego da taula gainean. Atzo «Hiru» (Bidehuts) lana aurkeztu zuen Donostian, lagunez betetako ekitaldi batean. Hamaika kantez osatutako diskoa helduagoa da, musikariaren hitzetan «eboluzio pertsonalak eboluzio musikala» ekarri duelako.

Izan ere, bere «kantuak kantuago» direla azaldu zuen Arroitajauregik. «Blog batean irakurri nuen nire zuzenekoak ondo zeudela, baina diskoak rollo bat zirela. Ba akabo horrekin», aipatu zuen. Beste musikari batzuekin elkarlanean aritu ostean esperimentu bat bezala jaio zen Mursego, eta disko bat grabatu zuen bakarlari gisa.

Bigarren diskoan loop teknika (musika konpas bat edo batzuk behin eta berriz errepikatzea) ezagutu zuen, eta horrekin, musika tresna bakarrarekin -txeloa- gauza ugari egin daitezkeela ikusi zuen. Hirugarren lan honetan bestelako instrumentuak gehitu ditu: pianoa, ukelelea, autoharpa, xilofonoa, stylophone-a (60ko hamarkadan modan jarri zen sintetizatzaile txikia), melodika, txirula kalimba... eta loop teknika mantendu du, noski: «Ezin naiz looparekin haserretu, nire arma da».

Lan honek askotariko estiloak biltzen ditu eta urrutiko lekuak iradokitzen dizkiguten erritmoak. Pop, folk, hardcore, musika elektronikoa eta cumbia bere lurraldera ekarri ditu Mursegok. Arroitajauregiren ustez, disko «tropikala, afrikanoa eta euskalduna» da.

Aurkezpenean bezala, diskoan ere lagunez inguratuta egon da Arroitajauregi. Hitzak egiteko Victor Iriarte, Harkaitz Cano, Beñat Sarasola eta Mikel Ayerberen laguntza izan du. Gainera, lehen aldiz ekoizle batekin egin du lan, kasu honetan Ibon Rodriguezekin. Musikariarentzat lasaigarria izan da berarekin lana egitea, erabakiak hartzen lagundu diolako eta gomendio onak eman dizkiolako. Rodriguezek berak eta Xabier Montoiak diskoko kanta banatan hartu dute parte, poesiak errezitatzen.

Portadarako, Ramon Zabalegiren arteaz baliatu da. «Eskatu zidanean ilusioa egin zidan oso zalea naizelako. Diskoa entzun nuen eta zoragarria denez esan nuen `orain zer?'», aitortu zuen ilustratzaileak.

Zuzenekoetan ere bakarrik

«Hiru» CD eta LP formatuan kaleratu dute. Hau ere lagunei esker izan da posible: «Esfortzu ekonomiko handia zen eta mezenasgoa izan nuen. Zoragarria da honelako lagunak izatea...», esan zuen, eskertuz.

Kanta berri hauek musika geruza asko dituzte (60 inguru) eta zuzenekoetan berak bakarrik hori egitea ezinezkoa litzateke, beraz, kontzertu arinak egiteko baina diskoarekin alderatuz desberdinegia ez izateko, loop handi batekin saiatzeko intentzioa dauka. Emaitza Durangoko Azokan entzun ahal izango dugu, Ahotsenean (abenduak 6, 12.00etan) lehen aldiz. Abenduaren 12an Deustuko udaltegian arituko da eta urtarrilaren 17an Donostiako Lugaritz kultur etxean.