Ipuin musikala
Ipuin musikalek badute abantailarik, gero... irakurtzen edo idazten duzun bitartean musika entzuteko aukera ere badagoela, alegia. Horixe bera egiten ari naiz oraintxe bertan, «Swinging Christmas» izenburua duen album ilustratu dotore honekin. Gabonak gertu ditugu, eta liburu hau hautatu dut ikusgarria eta berezia delako, eta ez, erraz pentsa daitekeen bezala, liburuak opari funtzioa ere bete dezakeelako.
Ibaizabal argitaletxea ahalegin handia egiten ari da album ikusgarriak euskaraz kaleratzeko, eta, dagoeneko, katalogoan bilduma garrantzitsua du: adibidez, Grimm anaien ipuin klasikoetan oinarritutako «Edurnezuri», edo «Maitagarrien belarrak», «Urretxindorra», «Ondine»... Guztiak Lacombe ilustratzaile frantsesak (Paris, 1982) maisuki ilustratutakoak, denak begien gozamenerako. Eta begiak dira, hain zuzen ere, marrazkilari honen estiloaren seinale, handiak eta adierazgarriak, malenkonia puntu batekin, baina begi erakargarri eta txundigarriak. Nazioarteko egungo ilustrazio panoraman oso ezaguna dugu Lacombe, eta ez bakarrik Frantzian; ikusgarriak dira Montreuil haur eta gazteen liburu azokan sinatu eta marrazteko izaten dituen miresle ilarak.
Istorioari erreparatuta, Robin haurra eta Bernard agurea dira kontakizunaren protagonistak. Gabonak laster dira, elurra ari du, eta Txano Gorritxoren ipuinean antzera, mutikoak jakiz betetako saskia oparituko dio basoan bizi den agure erraldoi beldurgarriari. Lagun egingo dira, eta Bernardek istorio harrigarriak kontatuko dizkio, Gargantua Rabelais idazle frantziarraren epopeia ospetsua, besteak beste.
Literaturari laudorio egiten zaio liburuan, liburuetan sekretu asko gordeta daudela jakingo du Robinek. Bernardek zera aholkatzen dio, irakurtzeko trankil egon beharra dagoela, musikarekin egiten duzun bezalaxe utzi hitzei zugana etortzen, tenpo egokia aurkitu behar duzu.
Begien gozamenerako ez ezik, belarriak kulunkatzeko ere CD bat dakar liburuak, Olivia Ruizek kantatutako eta The Red Star Orchestrak girotutako bost jazz abestirekin. New Yorkeko klub musikalen giroa, tronpeta, saxoa, tronboia... Olivia Ruiz (Carcasona, 1980) abeslari frantsesa «Star Academy» lehiaketan egin zen ezagun.
Gabon sasoirako adiskidetasun istorio eder bat. Liburuak eta musika elkarren lagun izan daitezkeela erakusten duen album dotore honek oroitzapenetan murgiltzeko ezinbesteko konpainia egingo digu. Irakurle eta entzule mordoxka erakarriko duen liburu aparta.