J.L.
sokatira

Sokarrik 300 kilokoa ere irabaz dezakeela argi eta garbi utzi du

Sokarrik denboraldiko bigarren txapela lortzeko gai dela erakutsi zuen herenegun. A eta B multzoetako lehen jardunaldia jokatu zen, eta beraiek izan ziren onenak. 320 kiloko txapela irabazita daude jadanik, eta pisu honetakoa irabazteko ere lehen urratsa eman zuten.

Lau multzotan banatuta ari direnez, bi saio behar izaten dira jardunaldi bat ospatzeko, eta oraingoan A eta B multzokoak jardun dira. Lehenengo, ligaxka jokatu behar izaten dute, denak denen aurka, eta gero postuak erabaki behar izaten dira. Bakoitzeko bi onenek lehen posturako borroka izaten dute, bigarrenek hirugarren postua erabakitzeko, eta horrela azkenekoa erabaki arte.

Sokarri C eta Ñapurrak izan ziren lehen fasean beraien multzoetako onenak, eta gero finala jokatu behar izan zuten. Hor bizkaitarrek aurre hartu zieten lapurtarrei. Hirugarren postuan Ibarra sailkatu zen. Oraingoz, hiru hauek daude finala jokatzeko postuetan.

Pasa den astean C eta D multzoen lehen jardunaldia jokatu zen, eta han ere Sokarri izan zen onena, Sokarri B gailendu baitzen, Muruetaren eta Ñapurrak B taldearen aurretik. Beraz, oraingoz, Sokarri eta Ñapurrak taldeek bina talde dituzte finaleko postuetan.

Dena dela, oraindik beste jardunaldi bat ere jokatu beharra dago, nahiz eta datorren asteburuan atseden izango duten.

Abenduaren 14an eta 15ean jokatuko dira azkeneko bi jardunaldiak. 14an Bilbon lehiatuko dira C eta D multzoetakoak, eta, hurrengo egunean, Artziniegan jokatuko da A eta B multzoetako bigarren jardunaldia.

Horrekin amaituko da lehen fasea, eta orduan jakingo da abenduaren 21ean Ibarran jokatuko den finalean zein talde arituko diren. Dena dela, lehen postuetan dauden talde hauetako gutxik egingo dute huts azken jardunaldian, nahiz eta Abadiñok ere sartu nahiko duen txapel handiaren lehia horretan.