Bertsolaritzaren jaia, norberetik hasi eta Euskal Herri osoraino
Lujanbio, Arzallus, Elortza, Colina, Gaztelumendi, Mendiluze, Iturriaga eta Sarriegi; bakoitza beretik baina guztiak bertsolaritzaren jai kolektibo baten parte. Joanito Dorronsorok egunaren bukaeran txapeldunari jantziko dion txapela nahiago dute gehiegi ez aipatu.

Pozik dago Bertsozale Elkartea Bertsolari Txapelketa Nagusiak orain arte izandako mailarekin, bertsolari, zale eta langileen erantzunarekin; hitz batean, «arrakasta», aipatu zuen atzo Iñaki Muruak, elkarteko lehendakariak. Horri guztiari bukaera biribila ematea baino ez da falta orain, finaleko zortzikotea prest dago hirugarren aldiz abenduaren 15ean BEC betetzeko.
«Eguna gozatzea izango da gure helburua», esan zuen atzo duela lau urte txapela jantzi zuen Maialen Lujanbiok. «Bertsolarion ikuspuntutik eguna gozatze horrek badauzka bere eduki batzuk: sorkuntzaren estutasuna eta egunaren gozamena konbinatzea eta bat egitea. Hori da helburu pertsonala eta kolektiboa», erantsi zuen, eta gainerakoek ere bat egin zuten baieztatzean finala euskal kulturaren jai kolektibo bat izan dadin desio dutela.
Txapelketa ezberdina izan da hernaniarrarentzat. Finalean igoko baita lehen aldiz oholtzara. «Kantatu ez arren, oso barrutik sentitu dut txapelketa, bai bertsozale bezala, bai bertsolari lagunen bidez. Egia da azkenean norbera finalaren zain dagoenean, akaso desberdina dela nola neurtu egunera puntuan iriste hori. Ez diot aitzakiarik jartzen. Saiatuko naiz puntu-puntuan egoten», esan zuen.
Finalari begira, gauza bat jakina da, 13.500 lagunekin bete egingo dela aretoa. Hiru hilabete lehenago jarri ziren sarrerak salgai eta bost aste lehenago agortu. «Poztekoa da, baina, aldi berean, kezka sortzen digu», aitortu zuen Muruak, eta kontu horrekin sortu den zalapartaz galdetuta, gogoeta egitera derrigortuta daudela esan zuen. «Hala ere, ez daukagu aukera gehiegi. BEC da daukagun areto estali handiena», azaldu zuen. «Bakarren batzuk esan digute zergatik ez genuen oharra bidali gastatzen ari zirela esanez, eta, egia esan, neuri behintzat ez zitzaidan burutik pasa ere egin; salgai jarriz gero, gastatzen ari direla begi bistakoa da». Etorkizunera begira, «haserretzeak, mina edukitzeak... bere zentzu positiboa ere badu: nahi duela bertsoa, maite duela, han egon nahi zuela, eta hurrengoan erneago ibiliko dela. Hurrengorako zer asmatuko dugun, utziguzue beste lau urte pentsatzen», argitu zuen.
«Norbaitek galdetuko du ea 13.000 horietan zenbat bertsozale dauden, ni ez naiz hasiko inori karneta eskatzen», erantsi zuen Unai Iturriagak. «Baina anekdotara etortzeko gogoa bakarrik zutenek ez dute denbora eduki sarrera hartzeko. Hartu duenak hartu nahi izan du».
Lau urtean aldaketa handia
Beñat Gaztelumendirentzat bere lehenengo finala izango da. «Belaunaldi berritik finalera iritsi den lehendabizikoa», gogoratu zuen atzo. «Beste edozeini toka lekioke baina aurten nahiko momentu onean harrapatu nau txapelketak. Nire belaunaldia sentitzen dut talde bezala, eta nahiko nuke horren isla bat erakutsi finalean», esan zuen.
Igor Elortza ere ez zen izan 2009an, baina pasa den finaletik hona gauza asko aldatu direla eta horrek bertsolariengan eta bertsoetan eragina duela gaineratu zuen. «EREak hasi berriak ziren, krisia finantzieroa zen eta urrun samar zegoela ematen zuen, Bateraguneko bostak atxilotu zituzten... Ikusten zen aldaketa garrantzitsuak zetozela baina ez genuen oso garbi. 2013an krisia gure etxeetan dago, kasu batzuetan jendea etxetik atera ere egin du, badira bi urte ETAk borroka armatua utzi zuela...», gogoratu zuen. «Uste dut ez dela kasualitatea txapelketa honetako hitza `sinesgarritasuna' izatea. Epikarako eta euforiarako baino, ematen du gertuago gaudela gertutasunerako eta gauza handiak ere neurri humanoan esateko. Uste dut gu horren bila gabiltzala eta jendeak hori estimatzen duela».
Krisiaren eraginez zaleen erantzun xumeagoa espero zuen Iturriagak, baina «beste behin erratu nintzen. Uste nuen ikusiko zela zein den gure dimentsioa, ez garela hamahiru, baina agian hamar, edo zortzi... Baina ez, bagara». Eta arrakastaren gakoei tiraka bere iritzia plazaratu zuen: «Nire irudipena da zaleek proiektatzen dituztela gugan gugandik kanpoko dohain batzuk eta nolabait saritzen dituztela gure jardunean dauden gauza batzuk, baina ez dauden beste batzuk ere bai. Uste dut gure jardunean ez dagoela iruzurrik, hori garrantzitsua da eta garai hauetan inoiz baino gehiago. Ez dago playbackik, ez dago silikonarik...».
Zentzu horretan, barruan duten onena erakutsi nahi dute denek, helburu kolektibo baten barruan. Hala adierazi zuen Amets Arzallusek: «Euskal Herriko zazpi ertzetatik etortzen da egun horretan jendea, bere hizkuntza, bere herri, bere sentimendu eta bere identitate horren festa batera, herri izatetik gertuago egon nahian. Iluntzean etxera doanean, nik esperoko nuke grina hori edo amets hori pixka bat hauspotuta joan dadila. Pertsonalki, markatzen ditudan helburu, gogo eta irrika guztiak amets kolektibo horren barruan ikusten ditut».
Txapelaren inguruan galdetuta, «ez nau gehiegi kezkatzen, ez nau gehiegi erakartzen ere eta distantzia handi samar batera ikusten dut», esan zuen hendaiarrak. «Izatekotan ere, bertsotan hobeto egin nahiaren motibazio horri laguntzeko bide bezala. Txapelak argitik bezainbat du itzaletik eta ez nau gehiegi erakartzen».
Sustrai Colinak, berriz, orain artekoari eutsi eta pare bat koxka gora egitea du helburu. «Noan bide horretan ahalik eta urrutien iristea. Eta nahiko nuke BECen edukiko dudan bertso bakar bat ere alperrik ez galtzea zentzu horretan». Labur hitz egin zuen Sarriegik. «Gustatuko litzaidake egin dezakedala pentsatzen dudana, edo, nire buruarekin kantatzen dudan bezala, jendaurrean kantatzera iristea», esan zuen beasaindarrak bere bigarren finalaren atarian.
Mendiluzek, berriz, orain artekoa hobetzea espero duela aitortu zuen. «Maila indibidualean, bertsoak espero ditut, nire kasuan, hainbeste egon ez direlako agian. Ez nago oso gustura egindako lanarekin. Uste dut gehiagorako gai banaizela», aurreratu zuen.
Doinutegia eta hezkuntza
Iluntzean, 20.30ak aldera, ezagutuko da 2013ko txapelduna zein den. Hari txapela nork jarriko dion badakigu dagoeneko. Joanito Dorronsoro izango da, Zumaian bizi den ataundarra. Benetan luzea da Dorronsorok bertsolaritza sustatzen egindako lana. Berea da, esaterako, bertso doinutegiaren egitasmoa. Inprobisazioan aritzen diren munduko beste hainbat txokotan pare bat dozena doinu izaten dituztela aipatu zuen Muruak atzo, eta, Dorronsorok, berriz, 3.000 doinutik gora izendatuta ditu dagoeneko. Erretiroa hartuagatik, lanean jarraitzen du gainera. 60ko eta 70eko hamarkadetan ikastolak sortzen lagundu zuen eta bera izan zen bertsolaritza hezkuntzan txertatzeko lehen ahaleginak egin zituena. Zumaiako Aita Mari ikastola eta herriko bertso-eskolaren sortzailea da, besteak beste.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
