Estibaliz EZKERRA
Literatur kritikaria
DURANGOKO AZOKA

Durango, Durango

Nola definitu Durango? Urteroko galdera. Batzuek esaten dute oasi bat dela, euskal kulturaren oasia, baina metafora horrek ez nau lar konbentzitzen. Batetik, ematen duelako Durangotik kanpo euskal kultura ez dela existitzen. Gehiago ala gutxiago gustatuko zaigu euskal kulturaren gaur egungo egoera, baina egoera bat egon badago. Badakit subalterno hitzari kariño handia hartu diogula, les damnes de la terreko ohorezko bazkide bihurtzea dela askoren (askoren!) ametsa. Baina Spivakek esaten duen bezala, subalternoak ez du hitz egiten. Lehen pertsonan inoiz ere ez. Eta guk hitz egin hitz egiten dugu. Eta idatzi. Batzuetan gehiegi, eta pulamentu gutxirekin. Durango oasi bat dela esateak Durango bera gaitz (uler bedi gabezia) baten sintoma bihurtzea da. Durango dugu, behar dugu, ez dagoelako besterik. Pentsatzeko modu arriskutsua da hori. Izan badugu zerbait (beste herrialde batzuekin konparatuta, agian gehiegi), baina agian (ziurrenik) ez ditugu dauzkagun baliabideak behar bezala erabiltzen. Porrotaren diskurtsoa garaipenaren diskurtsoa bezain antzua begitantzen zait.

Ez, Durango ez da oasi bat. Ez, behintzat, ez baldin badugu kontsumismoaren paradigma oasi bihurtu nahi. Durango badelako kontsumorako tokia. Literatura eta musika dira kasu honetan salgaiak eta erosgaiak, baina haiek eskuratzeko modua dirua da. Hizkuntza lauan esanda. Durango egitura ekonomikotik kanpo ulertzea eta uztea jarrera erromantikoa baino gehiago inozoa iruditzen zait. Idazleek, argitaratzaileek, banaketaz arduratzen direnek jan egin behar dute. Baina hil ala bizikoa ote da Durango bere jardunean?