Jon LEUNDA
sokatira

Finalerako azken txartelak banatuko dira

Euskal Herriko Goma Gaineko Lauko Txapelketan, 300 kiloko azken jardunaldia jokatuko da gaur eta bihar, eta ondoren jakingo da datorren asteko finalean zein talde arituko diren lanean.

17.00etatik aurrera jokatuko da gaur Bilboko La Esperanza pilotalekuan C eta D multzokoen saioa, eta bihar, berriz, 11.30ean Artziniegako pilotalekuan jokatuko dira A eta B multzoetako tiraldiak. Lau multzotan banatuta ari direla kontuan hartuta, bi egunetan burutu behar izaten dute jardunaldi bat.

C multzoan, Murueta, Abadiño, Sokarri A eta Urruña lehiatuko dira, eta D multzoan, berriz, Sokarri B, Ñapurrak B, Iparralde B, Apurtuarte eta Lagun Onak arituko dira nor baino nor. Hasteko, multzo bakoitzean ligaxka jokatzen da, eta denak amaitutakoan hasten da azken fasea. Horrela, multzo bakoitzeko onenek finala jokatzen dute lehen postua erabakitzeko; bigarrenek, hirugarrena erabakitzeko; hirugarrengoek, bosgarrena erabakitzeko; eta horrela azken postua erabaki arte. Amaieran, bi jardunalditako puntuak banatu eta hiru onenek lortuko dute finalean aritzeko txartela.

Lehen jardunaldian Sokarri B izan zen onena, Murueta, bigarren, eta Ñapurrak B, hirugarren. Oraingoz, hiru hauek egongo lirateke finala jokatzeko lekuetan. Hala ere, Abadiño ez da baztertu behar. Laugarren amaitu zuen lehen saioan, eta finalean sartzen ahaleginduko da.

Bihar, berriz, A eta B multzoetako tiraldiak izango dira. A multzoan, Sokarri C, Ibarra A, Baigorri eta Nabarniz lehiatuko dira. B multzoan, berriz, Ñapurrak A, Berriozar, Ibarra A, Iparralde A eta Txantrea. Egin beharrekoa gaurko gauza bera izango da. Lehenengo, multzo bakoitzeko ligaxka izango da, eta gero postuak finkatu beharko dituzte.

Lehen jardunaldian, Sokarri C, Ñapurrak A eta Ibarra B sailkatu ziren lehen hiru postuetan, eta horiek daude, oraingoz, finala jokatzeko lekuetan. Berriozar sailkatu zen laugarren eta Ibarra A, bosgarren, eta hauek ere saiatuko dira bihar finalerako txartela eskuratzen.

Azken txapelketak

Aurtengo txapelketen denboraldia amaitzeko Bizkaiko aizkolarien finala ere falta da, eta jadanik badu lekua, baita jokatzeko ordua ere.

Abenduaren 21ean jokatuko da Bilboko La Esperanza pilotalekuan, 12.00etan hasita. Aitzol Atutxa, Aritz Irazabal, Julen Mendieta, Bihurri, Zelai eta Garcia jardungo dira nor baino nor.

Abenduaren 29an, berriz, Bigarren Mailakoa jokatuko da Laukizen, 12.00etan hasita. Intxausti, Lekue, Txikon, Larrea eta Duñabeitia lehiatuko dira. Azkenik, trontza txapelketa ere jokatuko da, eta aizkolarien Bigarren Mailakoarekin batera jokatuko da. Ispizua eta Jonan, Arana eta Arana, Larrea eta Atutxa eta Larrea eta Bihurri neurtuko dira. Honekin amaitutzat emango dira aurtengo lehiaketa ofizialak.