J.L.
Trontza | Bizkaiko finala

Aizkoran ez ezik, beste kiroletan ere maila handia ematen du Aitzol Atutxak

Aitzol Atutxak txapelak pilatzen jarraitzen du. Pasa den astean aizkorako Bizkaiko Lehen Mailako finala irabazi zuen, eta atzo trontzan gauza bera egin zuen, nahiz eta kirol honetan binaka jokatu zuen, Larrea II.a lagun zuela. Hamabi epai etzanda eta sei zutik moztu behar izan zituzten, eta aise lortu zuten garaipena.

Aranatarrak ziren garaipena lortzeko faboritoak, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten, eta txapeldunengandik bi minutu pasara, gainera. Mendietak eta Bihurrik osatu zuten podiuma. Hasiera batean lau bikote ziren parte hartzekoak, baina azkenean Izpizua eta Jonan ez ziren aritu, eta hiru bikoterekin jokatu behar izan zen Lehen Mailako finala.

Bizkaiko Bigarren Mailako aizkolarien finala, berriz, Larrea III.ak irabazi zuen. 17 urte besterik ez ditu, eta bera zen finalean aritu zen aizkolarietatik gazteena. Bera eta Txikon ziren faboritoak, baina Larreak eraman zuen garaipena, amaieran lemoarrari ia minutu bateko tartea kenduz. Lekuek amaitu zuen hirugarren eta berak osatu zuen podiuma. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen saioan zehar.