Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Olasagastik eta Arriak bigarren aukera izango dute

Bikote gipuzkoarra bihar eguerdian arituko da Debako pilotalekuan, eta aurrez aurrez Juanjo Lopez eta Ruben Saralegi izango ditu. Norgehiagoka 12.00etan hasiko da, eta sei proba egin beharko dituzte.


Urrezko lehiaketan asteburu garrantzitsua izango da hau, izan ere, hiru jardunaldi jokatuko dira. Bata maila nagusikoa izango da, eta beste biak, berriz, Zilarrezko Mailakoak.

Maila nagusian, bihar jokatuko da bigarren jardunaldia, Deban, eta bertan Joxemari Olasagasti eta Arria V.a, Juanjo Lopezen eta Ruben Saralegiren aurka neurtuko dira. Olasagastik eta Arriak asteartean jokatu zuten lehen saioa, nahiz eta orduan errezildarrak ezin izan zuen aritu eta bere ordez jardun zuen Kañamares III.ak. Oraingoan, ordea, badirudi Arria V.a jokatzeko prest dagoela, eta bihar Debako pilotalekuan izango dela, 12.00etatik aurrera.

Bikote gipuzkoarrarentzat oso neurketa garrantzitsua izango da, bai behintzat aurrera joan nahi badute. Azkenean Arria bertan bada, gauzak asko aldatzen dira, Olasagastik eta biek oso bikote indartsua osatzen dutelako. Lopezentzat eta Saralegirentzat lehen jardunaldia izango da. Hauek dira pasa den urteko Euskal Herriko Bigarren Mailako lehen eta bigarren sailkatuak, eta bien artean oso lan ona egin nahi dute.

Asteartean Asteasun jokatutako saioan, Olasagastik eta Arriaren ordez aritu zen Kañamares III.ak galdu egin zuten, Donato Larretxearen eta Felix Etxeberriaren aurkako neurketan.

Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta denetako denborak batutakoan erabakiko da zein den nagusi. Seguruenik ere iraupen probak erabakiko du lehia. Lanean hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztu neurtuko dira. Ondoren, tamaina bereko bi enbor ebaki beharko dituzte erlojuz kontra. Ondoren, kana-erdiko bat zutik jarrita ebaki beharko dute. Laugarren lana, 60 ontzakoa erdibitzea izango da, eta bosgarrena 45 ontzako bat zutik jarrita eta kana-erdikoa etzanda jarrita moztea, eta azkenik bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebakitzea.

Zilarrezko Mailan, bi jardunaldi izango dira asteburu honetan. Gaur Otsagabian jokatuko da aurreneko saioa, 17.30ean hasita. Bertako pilotalekuan, Daniel eta Iker Vicente, Joxemari Telletxearen eta Jokin Alkizaleteren aurka lehiatuko dira, eta honekin abiatuko da lehiaketa.

Vicentetarrak aterako dira garaipena lortzeko faborito. Daniel apustua prestatzen ari da, eta bere semea, berriz, sekulako itxura ematen ari da, nahiz eta oraindik oso gaztea den. Beste aldean, Telletxeak pasa den urtearen amaiera aldera lortu zuen Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela, eta hori kasualitatea ez zela izan erakutsi nahiko du. Alkizalete ere ongi moldatzen den aizkolaria da.

Etzi, berriz, Elorrion izango da txanda, bertako Gazeta auzoan jokatuko baita saioa, 12.00etan. Alde batetik Mikel Larrañaga eta Aratz Mugertza arituko dira, eta bestetik, berriz, Iban Resano eta Aritz Irazabal. Mugertza eta Larrañaga aterako dira garaipena lortzeko faborito. Beraiek dira, gainera, maila honetako txapela lortzeko ere bikote faboritoetako bat. Bi aizkolari hauek Euskal Herriko Bigarren Mailan daude, eta biak izan dira, gainera, finalean. Aurkariak, berriz, Hirugarren Mailan daude. Beraz, aizkolarien artean ere koska bat badago, nahiz eta lan hauek oso ezberdinak diren, azkar egin beharrekoak, eta lan luzean egon daitekeen alde hori hemen ez den nabarituko.

Bost lan ezberdin

Bikote bakoitzak bost lan ezberdin egin beharko ditu, eta gero denetakoak batu ostean, onena duenak irabaziko du. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztu izango da lehen egin beharrekoa. Ondoren 45 ontzako bat ebaki beharko dute erlojuz kontra. Gero, tamaina bereko enborra ebaki beharko dute zutik jarrita. Laugarren lana, 60 ontzakoa ebakitzea izango da, eta azkenik, berriz iraupen proba jokatuko da, eta lan horretan hiru kana-erdiko ebaki beharko ditu bikote bakoitzak.

Zilarrezko Mailan jokatuko diren bi saioetan, lan bera izango da. Proba denak azkarrak dira, eta pentsatzekoa da azkeneko saiora arte ez dela ezer erabakiko. Iraupen proba ere nahiko laburra da, beraz pentsatzekoa da hor ere alde handirik ez dela izango. Horrenbestez, ikuskizun politak izan daitezke bai gaur Otsagabian, eta bai etzi Elorrioko Gazeta auzoan, proba oso azkarrak baitira.

 

Dena bi egunetan erabakiko da

Asteartean hasi zen Urteberriko Harri-jasotze Torneoa, eta etzi amaituko da. Hiru bikote ari dira lehian, eta ligaxka moduan jokatuko dute, denak denen aurka. Lehen jardunaldian Izeta IV.ak eta Urruzunok Izeta II.ari eta Lopetegiri irabazi zieten.

Deban jokatuko den Urrezko Aizkorako saioan zehar, bihar bigarren jardunaldia jokatuko da, eta bertan Izeta II.a eta Lopetegi Izeta III.aren eta Ostolatzaren aurka neurtuko dira. Izetak eta Lopetegik azken aukera izango dute. Galtzen baldin badute, ez dute irabazteko inongo aukerarik izango, eta azken postuan amaituko dute. Ostolatzak eta Izeta III.ak, berriz, irabazten badute, finala bezalako saioa jokatuko dute astelehenean Gazetan, eta galtzen badute, presioarekin joango dira azken jardunaldira.

Izan ere, etzi Elorrioko Gazeta auzoan, aizkolariekin tartekatuz, jokatuko baita azkeneko jardunaldia. Izeta IV.a eta Urruzuno Izeta III.aren eta Ostolatzaren aurka lehiatuko dira. Bihar Deban gertatzen denak asko markatu lezake saio hau. Hala ere, adituek esaten dutenez, Izeta III.a eta Ostolatza omen dira txapela lortzeko faboritoak. J.L.