«FuBall ist kein Telefonsex» (I)
Ba ez irakurleok, prezioei erreparatuta hala badirudi ere, futbola ez da telefono bidezko sexua. Halaxe adierazi zuten ia duela bi urte Schalkeko jarraitzaileek UEFAn Athleticen kontra jokatutako partidetako batean erakutsitako afixa erraldoian (berez gaztelaniaz zegoen, baina ez nion testu honi hizkuntza horretan titulua ipini nahi). Eta noski, gure taldeen arteko derbia ere ez da telefono bidezko sexua, baina tamalez, sarreren prezioari erreparatuz hala dirudi. Elitean dauden gainerako talde gehientsuenak bezala herritarren ilusio eta pasiotik bizi dira gure taldeak. Herritar soil «apur» batzuk dira bazkide, beste herritar soil «apurragoek» egiten dituzte ilarak txarteldegian geratzen diren sarrera solteak erosteko. Herritar soil «anitzek» erosten dituzte merchandising produktuak (orokorrean garestiak) eta gainera instituzioek herritar soil guztion poltsatik sekulako ekarpenak egiten dizkiete.
Baina, zer egiten dute gure talde maiteok, herritar soilaren egoerara moldatzeko krisi garaiotan? Zaleek pasio handienaz bizi duten partidua dela aprobetxatu eta sarrerak 40 eta 90 euro artean ipini? Alegia, urtero bezala eskaria eta eskaintzaren jokoan babestuz kaleko errealitateari bizkarra eman eta «soil» guztien artean kategoria oso desberdinak daudela ahaztu (bueno, hobe esanda ez ikusiarena egin). Euskal Herrian ia 6tik 1 pobrezian edo esklusio sozialean erortzeko arriskuan den garaiotan, edo beste era batera esanda, herritik sortutako taldeon 6 zaleetatik 1 pobrezian edo esklusio sozialean erortzeko arriskuan den garaiotan, taldetako agintariek 90 euroak ordaintzeko prest egongo diren horiekin pentsatzen dihardute eta noski, guztion poltsatik tiratzean kolorerik ez zaie gorritzen. Nahikoa da, ez?
Komeni denean, norberarena baino aurrerakoiagoak diren ereduei so egin behar diegula esaten digute. Hala egin ohi dute, esate baterako, gure instituzioetako agintariek ere. Gure eredua iparraldeko herriena bezalakoa izan behar omen da. Mentalitatez gu ere nahiko Eskandi-Nabiarrak izan behar omen gara. Baina aldi berean, zaborren gaian herrialdeotan atez ateko eredu arrakastatsuari ez ikusi egin eta hemen erraustegia hobe dela esaten digute, Eskandi-Naboak bagina bezala tratatuz. Futbolarekin berdina da. Goazen arestian aipatutako afixa erakutsi zutenen eta gure errealitatearen arteko konparazio azkar bat egitera.
Alemanian batez besteko soldata 41.000 eurokoa da eta gutxiengo soldata existitu ez arren, sarrera murritzenak dituztenek 1.100 euro inguru kobratzen dute. Gurean, batez bestekoa 26.000 euro pasakoa da eta gutxiengo soldata aldiz 645 euroan dugu. Pobreziaren alorrean pareko gabiltza, alemaniarrek %15 eta guk %16. Alemaniako taldeek jasotzen dituzten laguntza publikoak deusezak dira hemengoekin alderatuz eta noski, ogasunarekin duten zorrak ere ez du inguru hauetako kantitate lotsagarriekin zerikusirik. Allianz Arenan, Bayern eta Hanburgoren arteko partidua ikusteko sarrerak 5 eta 60 euro artean lor zitezkeen eta Txapeldunen Ligan Arsenalen kontra jokatutako partiduko sarrerak 10 eta 100 euroren artean. Euskal derbia Txapeldunen Ligako Bayern-Arsenalen pare? Tira, norbere buruari estimua edukitzea ondo dago; baina erortzen ari den guztiarekin minutuko euro bat eskatzea...

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
