J.L.
Harri-jasotzea

Izeta II.ak eta Lopetegik txapela lortzeko aukerei eusten diete oraindik ere

Izeta II.ak eta Lopetegik irabazi egin zuten Urteberrietako Harri-jasotze Txapelketako bigarren jardunaldia, eta txapela lortzeko aukerei eusten diete, atzo Izeta III.ari eta Ostolatzaren ordez aritu zen Eizmendiri irabazi ostean.

125 kiloko errektangularrari 23 jasoaldi eman zizkieten Izetak eta Lopetegik eta hiruren aldea kendu zieten aurkariei. Ondoren 100 kiloko zilindro zaharra izan zuten aurrean, eta hor Izeta III.a eta Eizmendi nagusitu ziren 28 aldiz berdindu baitzuten harria, hiruren aldea lortuz.

Hirugarren lanean, 100 kiloko kubikoa jaso behar izan zuten, eta hor Izeta II.a eta Lopetegi gailendu ziren. 26 aldiz berdindu zuten harria bizkarraren gainean, eta, 24 aldiz jaso zuten, berriz, Izeta III.ak eta Eizmendik. Azkenik 100 kiloko bola jaso behar izan zuten, eta hor ere Izeta II.a eta Lopetegi izan ziren onenak 30 jasoaldi lortuz. Bat gutxiagorekin konformatu behar izan zuten Izeta III.ak eta Eizmendik. Harri bakoitzarekin bina minutu izan zituzten lanerako. Guztira, 10.975 kilo jaso zituzten Izeta II.ak eta Lopetegik, eta, 10.600 kilo, berriz, Izeta III.ak eta Eizmendik.

Txapelketa honi gaur emango zaio amaiera Elorrioko Gazeta auzoan, aizkolariekin tartekatuz han arituko baitira Izeta III.a eta Eizmendi Izeta IV.aren eta Urruzunoren aurka (12.00). Azken horiek garaipena lortuko balute, txapela beraientzat izango litzateke. Gaur besteek irabaziko balute, denak puntu banarekin geratuko lirateke, eta, hortaz, kontuak egin beharko lirateke txapeldunak nortzuk diren jakiteko.