Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Olasagasti eta Kañamares hasieratik izan dira nagusi

Arria V.a oraindik ez da osatu, eta bere ordez berriro ere Julen Kañamares gaztea aritu da.

Olasagastik eta Kañamares III.ak eutsi egiten diete hurrengo kanporaketan izateko aukerei atzo Lopezi eta Saralegiri irabazi ostean. Arria V.a ez da osatu, eta atzo berriro ere Kañamares gaztea aritu zen bere ordez.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharrekoa lehen lana, eta Olasagastik eta Kañamaresek 33 kolpe behar izan zituzten, aurkariek baino bederatzi gutxiago. Ondoren, erlojuz kontra bi 45 ontzako ebaki behar izan zituzten, eta 1.33 izan zen Olasagastiren eta Kañamaresen denbora, aurkariei bi segundo sartuz.

Hirugarren lanean, kana-erdiko bat ebaki zuten zutik jarrita, eta gipuzkoarrak eta nafarrak bi minutu eta erdian ebaki zuten, eta 36 segundoko aldea lortu zuten. Ondoren 60 ontzakoa ebaki zuten, eta 2.25 izan zen irabazleen denbora, beste bost segundoko zuloa eginez. Bosgarren proba Saralegik eta Lopezek irabazi zuten. 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita ebaki zuten, eta 3.19 izan zen irabazleen denbora, eta 3.28 besteena. Azkenik bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten. 13.24 izan zen Olasagastiren eta Kañamaresen denbora eta 13.32 aurkariena. 23 minutu eta 53 segundo behar izan zituzten Joxemari Olasagastik eta Julen Kañamaresek lan guztiak burutzeko, eta 24.44 Lopezek eta Saralegik.

Zilarrezko mailan, Iker eta Daniel Vicentek aparteko arazorik gabe lortu zuten hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela, Alkizalete II.a eta Telletxea mendean hartuta. Otsagabiakoak bost probetatik lautan nagusi izan ziren, eta bestean berdinduta geratu ziren. Lan guztiak burutzeko 10 minutu eta 58 segundo behar izan zituzten Daniel eta Iker Vicentek; 12 minutu eta 3 segundo behar izan zituzten, berriz, Telletxeak eta Alkizaletek. Gaur, 12.00etan, Elorrioko Gazeta auzoan jokatuko da bigarren jardunaldia, eta, bertan, Mugertza III.a eta Larrañaga, Resanoren eta Irazabalen aurka lehiatuko dira.

Olasagastiren desafioa

Urteko bigarren apustua gauzatzear egon daiteke; desafio berri bat, behintzat, badago. Joxemari Olasagasti apustua jokatzeko prest dago, eta hiru aukera ezberdinekin bota du desafioa.

Aurrenekoan, hamabi oinbikora jokatzeko prest legoke Igeldokoa. Bigarren aukera zortzi 80 ontzakora izango litzateke, eta, hirugarrena, berriz, lau kanakora. Gainerako xehetasunak bileran erabakitzekoak izango lirateke. Igeldokoa, datorren ostiralean, urtarrilaren 10ean, Tolosako Kantabriko tabernan egongo da 19.00etatik 20.30era beregana joaten direnekin hitz egin eta ahal bada apustua lotzeko asmoarekin.