Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Materik gabeko xakea

Duela 20-30 urteko Afganistanen bezala, Siriak ere badu bere Pakistan bat. Saudi Arabia. Iranek xake-taularen beste aldean aspaldian duen aurkaria

Urte mordoa -bederatzi egingo dira aurtengo udan, oker ez banago- igaro da Irak «askean» egindako lehen hauteskundeen harira Juan Colek bota zuela ateraldia: «Iraq war is over, and the winner is... Iran». Gero denok kopiatu-moldatu-aldrebestu geniona. Baina, aldi berean, XXI. mendeko lehen gerra handiaren sintesi labur eta zorrotzena izango zena, ñabardurak ñabardura. Beste askotan bezala gudu haren irabazlea zuzenean borrokan aritu ez zena (eta aritu ziren guztiek begien bistan ikusi nahi ez zutena) izan zelako, gerra hura gogoraraztea ez da gustagarria leku askotan gaur egun.

Baina esapidea pitin bat eraldatu eta eguneratzeko garai aproposa izan daiteke oraingoa: «Siriako gerra amaitu da, eta irabazlea... Iran da, berriro». Goizegi dela hori esateko? Agian bai, «amaitu» horri dagokionez. Baina ez pentsa: duela urtebeteko egoera eta egungoa alderatzea nahikoa da Siriako gerra zibila amaitzear dagoela ikusteko. Fronte guztietan irabazten ari da Al-Assad: gudu-zelaietan eta diplomaziaren mahaietan. Matxinadaren hasieratik Damaskoko erregimenak haizatu zuen arrazoibidea, azkenean, egia bihurtu da: erreboltari guztiak jihadistak baino ez dira. Nola iritsi diren/garen horretara da gutxienekoa orain; aintzat hartu beharrekoa da 90ko urteetako Aljeriaren bigarren edizioaren aurrean gaudela. Eta hori, ikaragarrizko garaipen estrategikoa da... Iranentzat. Duela hamar urte Irakeko gerra bezalaxe.

Arazoaren katramila da xake-joko honetan ez dagoela materik, gaurkoz behintzat. Azken albisteak entzun eta bere lekuan kokatzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Al-Assadek gerra, konbentzionalki, irabazita dauka matxinoek lurralde zabalak eta Alepoko gehientsuena oraindik menderatzen badute ere; Egiptoko estatu kolpearen ondoren, Erdoganen barne gorabehera larriak ditu orain lagungarri. Eta Mendebaldea ez ikusiarena egiten hasita dago gertatzen den guztiaren aurrean. Al-Assad ez da M. Najibullah-bis izango. Baina horrek ez du esan nahi Sirian bakea gertu dagoenik. Duela 20-30 urteko Afganistanen bezala, Siriak ere badu-eta bere Pakistan bat. Saudi Arabia. Iranek xake-taularen beste aldean aspaldian duen aurkaria, hitz lauz.

Azken urtebeteko aldaketa politiko-militarren ifrentzua Irak eta Siriako Estatu Islamikoa deitzen den erakunde hori baita. Talibanen errepika konplitua, alorrik gehienetan. Bere sorlekua den Irak sunitatik abiatuta, urtebete eskasean Siriako insurgentzian ezerezetik indar nagusia -laster hegemonikoa, gauzak asko aldatzen ez badira- izatera iritsi dena. Aitapontekoa, baliabideak eta estrategia baliagarria dituelako. Ez da maltzurregia izan behar hirurak Saudi Arabiatik datozkiola igartzeko. Al-Nusra fronte islamista- rekiko ika-mikan Al-Qaedari men ez egitea erabaki duenean, nahiko argi utzi du noren aginduak lehenesten dituen.

Begien bistakoa da, bestalde, jokaldia, helburu estrategikoa zein den: Siria ekialdean eta Irak mendebaldean, Saudi Arabiarekin muga eginez, ez Damaskok ez Bagdadek kontrolatu ezingo duten eremu zabal horretan finkatzea. Sunien ezpala, xiien bi erresumen artean sartuta.