A. LERTXUNDI - O. LARRETXEA BILBO
Euskal Herrian inoiz izandako mobilizazio politikorik handiena

Agortu zaie zain egoteko denbora; etxean nahi eta behar dituzte

Algeciras, Soto del Real, Fleury... senideek astero ibilbide luzeak eginez bisitatu behar dituzten espetxeetako batzuk dira. Euskal presoen eskubideak larriki urratzeaz gain, zama astuna ere bada sakabanaketa senitartekoentzat, eta ez daude legez dagokiena gehiago itxaroteko prest. «Giza eskubideak ez dira baldintza batzuei lotuta trukean ematen diren txanponak», diote.

Aspaldiko ezaguna dute errepidea. Astebururo autoa hartu eta ehunka kilometro irensten dituzte. Asfaltoko marra zuriak bata bestearen atzetik pasatzen ikusten dituzte, abiadura handiz, baita, tamalez, normaltasun osoz ere dagoeneko. Ostiraletik igandera bitarteko ohiko joan-etorriak dira. Andaluziako kartzela batean dute helmuga, edo Galiziako batean, edo Parisen, edo Madrilen... Betiere Euskal Herritik urrun, oso urrun.

Dispertsioaren zama astuna aipatzen zuten atzo euskal presoen senideek, baita sakabanaketak sortzen dituen buruhausteak, ardurak eta ezinegonak ere. «Etxetik atera eta etxera bueltatzen garen arte ez dago lasai egoterik», zioten. EAJk eta EH Bilduk bezperan utzitako argazkia aurrekari izatea eskatu zuten, aurrerantzean fruituak ekarriko dituen urratsa, «presoen eskubideek ezin baitute itxaron».

Ibai Bilbao, Eneko Bilbao preso ohiaren anaia: «Presoen giza eskubideak ez dira trukean ematen diren txanponak»

Bere anaiak duela bi aste eskas berreskuratu zuen askatasuna. Pozez, ezin sinetsita daude etxean, zazpi urteko espetxealdiaren ostean hainbeste deseatutako eguna heldu dela ikusita. Amaitu dira bidaiak, poltsak prestatzea, errepideetako orduak, bisita laburrak... «Gabon garaiak oso bereziak dira senideontzat, hutsuneak are nabarmenagoak egiten dira eta gehiago gogoratu ohi gara alboan ez ditugunekin. Senide bat espetxean dugun unetik beretik gure bizitzak horren inguruan mugitzen dira. Erabat baldintzatzen gaituzte espetxealdiek», azaldu zuen.

Anaiak etxetik urrun emandako urteez gain, ezagututako kartzela ezberdinak gelditu dira atzean: Fleury, Seisses, Soto del Real, Alcala Meco... Hilero 1.000 eta 1.200 euro bitartean gastatu behar izan dituzte janari, gasolina, ostatu eta gainontzekoetan.

Aurreikuspen onak zituen Ibai Bilbaok ordu batzuk geroago Bilbo zeharkatuko zuen manifestazioaren gainean, bezperako gertaerek baldintzatuta, hein batean. «EPPKren adierazpena ausarta, indartsua eta historikoa izan da. Horri EAJ eta EH Bilduren arteko argazkia eransten badiogu, historikoa izan dena, esango nuke senideok, presoek, ezin dugula itxaron: dispertsioarekin amaitzeko ordua da. Eskubideak ezin dira baldintza batzuei lotuta egon. Ez dira trukean ematen diren txanponak», iritzi zuen.

Manifestazioak inflexio puntu bat irudikatuko zuelakoan, garrantzitsuena gaurtik aurrera etorriko dela erantsi zuen. «Eskaini ziguten argazkia eraginkor egitea eskatzen dugu. Lan hori dagokie. Eurena da ardura».

Ion Fano, Unai Fanoren aita: «Ostiraletan 18:30ean abiatu eta igandetan 09:00etan bueltatu. Ba al dago eskubiderik?»

«Euskal gizartearen gehiengoak hitz egin du, eta argi azaldu du zein den bere jarrera eta egin nahi duen bidea», zioen Ion Fanok. Estatu espainolean iritzi bera azaltzen duten ahotsak oso gutxi direlako penatuta azaldu zen, eta, horregatik, dei egin zien «euren buruak demokratatzat eta giza eskubideen defendatzailetzat» jotzen dituztenei, jarrera argia har dezaten.

Dispertsioa behingoz amaitu zain, 68 urterekin eta osasun arazoei aurre eginez, ostiralero Bilbotik abiatzen da Algeciraseraino, orain dela bost urtetik espetxean den semea bisitatzeko. Soto del Real eta Valdemoroko espetxeak ere ezagutu ditu aurretik. Ostiraletan 18.30ean abiatzen da etxetik, eta igandetan itzultzen da, 09.00etan. Tartean, 40 minutuko bisita eskasa. «Ba al dago horretarako eskubiderik?», galdegiten du.

Urtarrileko mobilizazioa senide eta presoentzat bultzada izugarria dela aitortu zuen, baina balantzaren beste aldean espetxe politika ez aldatzeko Madrilek azaldutako asmoa aipatu zuen. Irtenbidea, zentzu horretan, ez zuen oso argi ikusten. Ez behintzat epe laburrean. «Dispertsioa, euren legeei erreparatzen badiegu, ez da zilegi. Beraz, zertara ari dira jolasten? Egoera luzatuko dutela uste dut», zioen. Bere ustez, EAJk eta EH Bilduk elkarrekin emandako urratsak zehazten du aurrerantzean jarraitu beharreko bidea. «Presoek ez dute Euskal Herrian gertatzen denetik xehetasunik galtzen. Itxaropenak areagotu zaizkiela pentsatzen dut».

Pili Arretxe eta Angel Herrera, Jon Bienzobasen senideak: «Urratsak txikiak badira ere, bidean atzera ez egitea da garrantzitsuena»

Jon Bienzobasek hamalau urte daramatza espetxean. Beste euskal preso askok bezala, kartzela bat baino gehiago ezagutu ditu: Fleury, Fresnes, La Sante, Moulins, Bois... eta Saint Maur. Guztiak Estatu frantsesean. «Madriletik datozen albisteak ikusita, beldurra dut ez ote den presoen etxeratzea oztopatuko. Ez dakit noiz arte mantenduko dizkiguten etxetik urrun», zioen etsiturik Pili Arretxek. Angelek Bienzobasen hitz batzuk erreskatatu zituen, itxaropenez beteak: «Berak dio garrantzitsuena atzera ez egitea dela. Bidean aurrera poliki bagoaz ere, batzuetan estropezuka, garrantzitsuena aurrera egitea dela dio. Urrats txikiak, baina urratsak».

Jeltzaleak ere atzoko deialdira batu izana hor kokatzen dute, urratsetan. Ez dute pentsatu nahi guztia argazki huts batera mugatuko denik. «Irudi horrek indar nahikoa izan beharko luke Madrilen palanka egiteko». Ostiralean, presoen aldeko elkarretaratze batean zeudela jaso zuten azken deialdiaren berri. «Argazkia ikusi arte ez genuen sinetsi. Ea zenbat irauten duen, eta ea zenbat ematen duen», adierazi zuten.

Ione Artola, Joseba Artola preso ohiaren arreba: «Atxiloketa egunetik bertatik, urraketak bata bestearen atzetik datoz. Onartezina da.»

Anaia 27 urtez izan du preso. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina indargabetu ondoren aske atera zen. Semeak, berriz, 11 urte daramatza gatibu. «46 urteko kartzela zigorra du kale borrokagatik; 34 urte beteko ditu datorren astean. 22 urterekin espetxeratu zuten eta beti egon da urrunduta. Orain Castellon dago», azaldu zuen Jone Artolak.

«Sentimendu gazi-gozoak ditut. Poztasuna hainbeste preso batera atera direlako; zortzi, bederatzi edo hamar urte beranduago, baina Estatua behartuta sentitu da preso horiei ateak zabaltzeko. Eta gauza guztien gainetik gai izan dira kartzelatik osorik ateratzeko. Gazia, berriz, Estatuari dohainik ateratzen zaizkiolako eskubide urraketa guztiak», esan zuen. Sakabanaketarekin amaitzeko beharra nabarmendu zuen, baita «gure ekonomian, bizitzan, denboran... eragiten dituen kalteekin» ere. «Horrelako egun batean ezin ditut ahaztu gaixorik daudenak, ezta presoen bizi baldintzak ere; isolamendua, ordu luzeak ziegetan, komunikazio oro zaintzapean... Atxiloketa egunetik bertatik, urraketak bata bestearen atzetik datoz. Onartezina da».

Koldo Fernandez, preso ohi baten aita: «Istripua izan genuen behin: autoa irauli egin zen. Zorionez, baina, onik atera ginen»

Semea bi urtez preso egon zen. Bera ere kartzelan egonikoa da, frankismoaren garaian. EGIko militantea izan zen gaztetan, eta, horregatik, «gauza asko ikusi eta bizi izan ditudalako, ez naiz fio EAJrekin, baina tira...». Beste seme bat preso egon zen hilabetez, eta «izugarrizko isuna jaso zuen pezetetan zabor ontzi bat erretzeagatik».

Sakabanaketak eragiten dituen arriskuak salatzen ditu. «Bidaiak askotan hotzarekin, euriarekin, izotzarekin... egin behar dituzu. Gogoan dut, behin Soriara gindoazela, autoa irauli egin zitzaigula; oso mantso gindoazen, baina errepidea izoztuta zegoen eta irristatu egin ginen. Zorionez ez zen ezer gertatu, onik atera ginen, baina gerta zitekeen».