Xabier ETXANIZ ERLE Iñaki URDANIBIA
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Garrasi isila

VII. Etxepare saria irabazi zuten Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak liburu honekin, eta, izenburutik bertatik igar daitekeen bezala, gerra garaian kokaturiko istorioa kontatzen zaigu bertan. «1937ko martxoa da Durangon. Mirentxu aspaldian isilik dabil. Ez du hitz bakar bat ere egin amama hil eta egun berean aita frontera joan zitzaionetik». Eta hitz horien ondoan irudi bat dugu, Durango herria begi bistan duelarik adar batean eserita dagoen neskatoarena.

Horrela hasten da liburu hau, eta irudiaren eta testuaren arteko lotura horretan irakurleari egonezina edo kezka sortarazten dion tonua lortzen da; Mirentxuk amamarekin zuen harremanaren lekuko izango gara ondoren, kontu xumeen bidez lortu ere, eta baita neskatoaren baitan handitzen ari den sentimenduarena; isilik egotera bultzatzen duen tristurarena.

Gerraren edo indarkeriaren kontakizun berezia dugu lan hau; neskato baten isiltasunetik, helduek eginiko honen interpretaziotik, neskatoaren amets eta sentimenduetatik... harik eta gerra, indarkeria, bortizkeria bere era latzenean azaldu arte.

Asko hitz egin da oroimenaz, Gernikako bonbardaketaz, gerraz... liburu honetan bonbardatutako beste herri batez hitz egiten da, Gernika ez baitzen bakarra ez lehena izan; gerrak sorturiko penaz, larritasunaz, egonezinaz hitz egiten da. Eta hori guztia hizkera zainduarekin, hitz gutxitan sentimendu asko adieraziz -«Mirentxu asko oroitzen da bere amamaz. Aitari mezuak bidaltzen dizkio ipar-haizearekin. Amari musu gozo bat ematen dio lokartu aurretik»-; eta koloreen eta argazki zaharren erabilera egokiz eginiko irudi adierazgarriekin.

Kontu gogorrak gogoan izateko liburua dugu «Gerrak ez du izenik», baina baita itxaropenari atea irekitzen dion lan interesgarria ere. Haurrek eta ez hain haurrek une hunkigarria igarotzeko aukera.