Maider IANTZI

Itsas txakur ugari etorri da gure hondartzetara itsaso zakarretik ihesi

Aste honetako itsaso zakarrak eraginda, foka ugari etorri da gure hondartzetara babes bila. Urtero iristen dira itsas txakurrak, baina ez da ohikoa aldi berean bederatzi ailegatzea. Ambar itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkarteko kideek ohartarazpen bat egin nahi diote jendeari: kontuz hurbiltzean. Basatiak dira eta arriskutsuak izan daitezke. Eta errespetatu beren atsedena.

Donostia, Hondarribia, Zierbena, Plentzia, Lekeitio, Mutriku, Getaria, Pasaia... Herri aunitzetan izan dute egunotan itsas txakurren bisita. Ambarreko boluntario batek, Ludi Rueda durangarrak, GARAri agertu dionez, bederatzi inguru etorri direla kalkulatzen dute. Halere, baliteke foka bera ikusi izana herri batean eta bertzean. Horregatik, argazkiak behatzen ari dira itsasoko animaliak aztertu eta zaintzen dituen elkarte honetan. Zehazki, itsas txakur grisak dira gurera iristen direnak, eta oraingoan ere halakoak ailegatu dira, azken egunetako olatu handietatik ihesi, kostara babes eta atseden bila. Eguraldia hobetzean itsasora bueltatu ohi dira eta dagoeneko ur zabaletara itzuliak izanen dira gehienak.

Foka gazteak dira hondartzetan izan ditugunak, hau da, urtebete edo gutxiagokoak. Kolonia handietan bizi dira. Adibidez, Europa iparraldean: Herbehereetan, Ingalaterran, Irlandan, Eskozian...

Itsas txakurrak beren bizitzaren zati handi bat uretan ematen duten itsas ugaztunak dira, baina lurrera ateratzen dira atseden beharra dutenean. Hortaz, ez da arraroa fokaren bat ikustea hondartza batean etzanda, arroken gainean edo portu batean, postura bitxietan batzuetan. Ambar elkarteak ohar bat zabaldu du foka batekin topo egiten dugunean zer egin azaltzeko. Izan ere, erakargarriak dira animalia hauek gizakientzat, ohituta gaude parke akuatikoetan jolasten ikustera, baina kontuan hartu behar da basatiak direla, arriskutsuak izan daitezkeela eta hortz handiak dituztela, otsoaren tamainakoak.

Elkarte honek garrantzitsua deritzo hartu beharreko neurriak zeintzuk diren ikasteari. Unean bertan larrialdi zerbitzuei deitu behar zaie (SOS-Deiak-112 edo Ambarren Lehorreratzeen Sarea-656 71 96 86), teknikariek animalia nola dagoen ikus dezaten. 60 bat lagun dira elkartean, boluntarioak denak. Ruedak, adibidez, Itsas Zientziak ikasi ditu. Badira albaitariak, biologoak eta titulaziorik ez izan arren bizi osoa natura ikusten eta hortik ikasten daramaten lagunak ere. Lehorreratze Sarea antolatu dute itsasertzean animalia bat agertzean jendeak deitu eta norbait bidaltzeko. Sarri hilik iristen dira, izurdeak eta baleak errate baterako, eta datuak eta laginak hartzen dizkiete. Bizirik eta ongi badaude, aldiz, babesten saiatzen dira.

Durangoko zientzialariak kontatu duenez, urteotan kide pila bat batu zaie, elkartea gero eta jende gehiagok ezagutzen duelako. Pozarren daude. Gustatuko litzaieke lan gehiago egitea; baliabideak falta, ordea.

Biarritzeko Itsas museoan

Egunotan lagun aunitz hurbildu da itsas txakurrak ikustera eta jokaera ez da beti egokia izan. «Ez dira panpinak edo jostatzeko animaliak. Nekatuta eta, agian, gaixorik egon daitezke eta ez dira ukitu behar», azpimarratu du Ludi Ruedak. Ziurtasun tarte bat utzi behar da eta eurentzako espazioa ere bai. Txakurrik edukiz gero, lotuta eraman behar da. Lehengo egunean txakur batek ausiki egin zion foka bati eta orain Gorlizeko fauna basatiaren errekuperazio zentroan dago osatzen. Garrantzitsua da fokaren atsedena errespetatzea eta itsasora bueltatzeko bidea libre uztea ere bai.

Biarritzeko Itsas Museoan ere zaintzen dituzte itsas txakurrak. Bi kume jaso dituzte egunotan, bat Lapurdiko herriko Hondartza Handian agertua eta bertzea Landetan, Ondresen. Zehaztu dutenez, Biarritzekoa 17 kiloko emea da eta Ondresekoa 90 zentimetro eta 15 kiloko arra. Bi hilabete inguru dituzte biek. Zaurituta zeuden aurkitu zituztenean eta pisu dezente galdua zuten. Itsas txakur grisek 15 kilo izaten dituzte sortzean, 50 titia kentzean (hiru asteren buruan) eta 10 eta 15 artekoa baizik ez hondartzetan topatzen ditugunean. Urtero bizpahiru foka aurkitu eta artatzen dituzte. Gizendu, eraztuna jarri eta Brest aldean askatzen dituzte, Natura Ondarearen Behatokiaren programaren baitan.