GARA HERNANI

Hernanik zabaldu ditu kupelak eta «Kontrako eztarria»-k txotx denboraldia

Kupeletan pazientziaz itxaron ditu sagardoak azken hilabeteak, baina heldu da kupelak ireki eta «hauxe Hernaniko sagardo berria!» entzuteko ordua. Bai, hemen da dagoeneko txotx denboraldia.

Ohiturari jarraituz, pertsona edo talde ezagun bat arduratzen da hedabideen aurrean ohorezkoa tragoa emateaz, alegia, aurrenekoa. Atzokoan, iragarrita zegoen moduan, Euskal Telebistako «Kontrako eztarria» umore saioko kideak izan ziren gonbidatuak. Xabier Euzkitze, Anjel Alkain, Jon Plazaola eta Iker Galartzak osatutako lantaldeak ederki pasa zuen. Ondoren bai, Gudarien plazara bertaratutakoek dastatu ahal izan zuten apirila arte luzatuko den denboraldi berriko sagardoa.

Programa oparoa

Hain justu programa anitza prestatu du Hernaniko Udalak datozen lau hilabeteotan sagardoaren inguruan. Esaterako, datorren otsailaren 25ean egingo den VIII. Sagar Lasterra, Ibarluze poligonoan hasi eta kiroldegian amaitu ohi den herri krosa. Apirilaren 13an, berriz, V. Sagar Martxa egingo da, Hernaniko hainbat sagardotegi, sagasti eta baserri igaroz. Horren gaiz, eskaintza berezia aurkeztu dute txotx denboraldi berrirako Donostialdeko hainbat ostatu eta sagardotegik: %15eko deskontua eskainiko dute ostiraletan.

Sagardotegi denboraldiari buruzko informazio guztia eskuragarri dago www.hernaniturismoa.com Interneteko helbidean edo Hernaniko Nafar kaleko turismo bulegoan. Herriak, gainera, zerbitzurik onena eskaintzeko asmoz indartu egingo du autobus, kale garbitzaile eta udaltzain kopurua denboraldian zehar. Aparkaleku eta komun publiko gehiago ere izango dira. Azkenik, elkarbizitza bermatzen duten arauak errespetatuz sagardoaz gozatzeko dei egin zuten Hernaniko Udaletik.