Jon LEUNDA
Top 14

Dauden lekutik ateratzeko puntuak beharrezkoak dira

Avironek sailkapeneko lehen postuan dagoen Clermont hartuko du, eta Biarritzek, berriz, aurkari zuzena duen Oyonnax hartuko du 18.30ean.

Garrantzi handiko bi norgehiagoka jokatu beharko dituzte gaur Avironek eta Biarritzek. Biak daude jaitsierako postuetan, eta biek behar dituzte garaipenak mailari eusteko itxaropena ez zapuzteko.

Avironek 18.30ean hartuko du Jan Dauguer estadioan Clermont, Top 14ko lehen sailkatua. Partida oso zaila da, eta are gehiago Aviron jaitsierako postuan dagoela kontuan hartuta.

Hala ere, Avironek bi aurpegi ezberdin ditu, eta horietako onena etxean jokatzen denekoa da, eta zaleak itxaropentsu daude. Bere zelaian partida bat ez beste guztiak irabazi egin ditu Baionako taldeak.

Horrek indarra eta konfiantza ematen die baionarrei, baina aurrean oso talde zaila izango dute. Bakar-bakarrik dago Clermont sailkapeneko buruan, 50 punturekin; Avironek baino 20 gehiago ditu. Hiru kentzen dizkio bigarren postuan dagoen Stade Françaisi. Liga irabazteko faborito nagusietakoa dela erakutsi du behin eta berriz, eta sailkapeneko lehen postu horri eustera etorriko da Baionara.

Avironek, berriz, zaleen laguntza behar du, gaur galdu eta Oyonnaxek Biarritzen irabaziko balu oso egoera txarrean geratuko bailitzateke. Hori dela-eta, Jean Dauguer estadioa gainezka izango da, eta zuri-urdinek 17.000 ikusleren babesa izango dute. Baionarren deialdia honakoa da: Etrillard, Roumieu, Igiñiz, Van Rensburg, Muller, Tialata, Chisholm, Fa'aoso, Senekal, Marmouyet, Monribot, Puricelli, Haare, Fonua, Belie, Roeut, Brett, Fernandez, Lovobalavu, Rokocoko, Ugalde, Fuster, O'Connor, Bustos Moyano eta Spdding.

Azken aukera

Biarritzek azkeneko aukera izan dezake mailari eusteko ametsekin jarraitzeko. 18.30ean Oyonnax taldea hartuko du Agileran. Gaur irabazita ere zuloan jarraituko du talde lapurtarrak, baina salbaziora apur bat gerturatuko da. Galtzen baldin badu, aldeak gero eta handiagoak izango dira, eta jadanik Pro 2 Mailarekin pentsatzen ere hasi beharko dute Biarritzen.

«Gauzak zail dauzkagu, baina Biarritzek ezin du etsi, ez oraindik behintzat. Mailari eusteko aukerak baditugu, eta horiei eutsi behar diegu. Oyonnaxen aurka irabaztera aterako gara, geure indarra erakutsi behar dugu, eta seguru nago lau puntuak lortuko ditugula», esan zuen Imanol Harinordokik.

Eguraldi oso txarra dago iragarrita; beraz, zelaiaren egoera ez da batere ona izango ez Baionan eta ez Biarritzen, eta horrek gauzak zaildu egingo ditu. Esan bezalako eguraldia egiten badu, baloia eskura jokatzea ia ezinezkoa izango da, eta indarra gailenduko da. Biarriztarrek hori badakite, eta denei irribarre apur bat eragingo dien garaipena nahi dute, azkenaldian aurpegi ilunak baitira Agileran. Irabazita ere, ez dute mailari eustea erraza izango. Galtzen badute, berriz, ia bi hankak Pro 2 Mailan izango dituzte.