Rikardo Arregi 2014/1/22
Deia
HEMEROTEKA

Polizia ona, polizia gaiztoa

Barkatuko didazue gaia errepikatzen badut, niretzat ere nekagarria da eliza katoliko erromakoaren gorabeherak (uler bedi, irainak) hona ekartzea noizean behin (...) Iruñeko artzapezpiku izandakoak lasai asko esan berri du, kardinal izendatu eta berehala, homosexualitatea gabezia dela, hipertentsioa bezalakoa, eta sendaketa posible dela. (...) Irakurri dudanez Kataluniako gay eta lesbianen elkarte bat salaketaren aukera aztertzen ari da. Ez da ezer gertatuko, jakina, eliza katoliko erromakoa legeen gainetik dago Espainiako erresuma katolikoan, ikusi zer gertatzen den zergekin, adibidez (Gasteizen higiezinen zergak ordaintzen ez dituen jatetxe bat eta guzti dauka eliza katolikoak). Elizak kasu hauetan bere kideen-tzat bakarrik hitz egiten duela esaten da. Ez da egia. Horrela balitz harreman homosexualak bekatu direla esango dute, besterik gabe, betiko moduan, eta ez lirateke naturarekin edo medikuntzarekin nahasiko.

Batzuek uste izan dute aita santu argentinarrak Vatikanoko leihoak irekiko zituela gelak aireberritzeko, baina kardinalak izendatzen dituena aita santu argentinarra denez, pentsatzekoa da aita santuak ongi zekiela zein aukeratu kardinal izendatzeko, Vatikanon ez dago kasualitaterik.

Nik uste dut eliza katoliko erromakoak poliziak galdeketarako erabili zuen betiko eredu ezaguna aukeratu duela: polizia ona eta polizia gaiztoa. Frantzisko aita santua polizia ona da: irribarre egiten du, apal jokatu (nor naiz ni gayak kondenatzeko), pobreez eta bakeaz hitz egin, ez du urrezko gurutzerik erabili nahi eta abar. Eliza katoliko erromakoak horrelako pertsonaia behar zuen mundu aurrean gizakiago agertzeko, irudi korporatibo atseginago bat enpresak dituen arazo larriei aurre egiteko, marketing berri moduko bat. Ondoan polizia gaiztoak ditu, ez bat bakarrik. Horietako bat Iruñeko artzapezpiku izandako gizon hipertentso hori da, ez naiz izenaz gogoratzen.