Nesken eta mutilen komunak
Nire begiekin ikusi eta oinekin sumatu ez banu, ez nukeen sinistuko, nola bada? Parrandan genbiltzala maskuriak edatekoa baztertu eta atsedentxoa agindu zigun eta hala abiatu ginen lagun bat eta biok komunera bidean. Sartzeko zain bi mutil -orain, izan ere, mutil asko ere binaka sartzen dira komunera-. Larriak jota, hirugarren bat gure ondotik pasa zenean eta atearen ondoan jarri zenean, saltoan egin genion ia lepora. Baina ispiluaren aurrean jarri eta ilea txukuntzeari ekin zion. Ez dakit noiz demontre eman zion galtzetako praketa zabaltzeko tartea. Kontua da konturatzerako eta ileak orrazteari utzi gabe hasi zela pixa egiten lurrera; bukatu, galtzak lotu eta gorritu gabe, buelta eman eta aho zabalik geunden guztioi begira irten zen mutila lasai-lasai.
Hark ez zuen ez neska ez mutilen komunik aukeratu behar izan, eremu mistoan erabaki zuen eta lasai-lasai geratzea; komunetako ateetan gero eta gehiago ikusten diren eta hanka bat aurrera eta bestea atzera botarazten dizuten hieroglifiko arraroak deszifratzeko premiarik gabe; oraindik ere «dagokizun» komunean ez sartzeak eragiten dizun zirraratxoa sentitu gabe. Ez dut ulertzen zergatik leku publiko gehienetan mutilen eta nesken komunak bereizten jarraitzen dugun, zein den ohitura hori errepikatzera garamatzan sakoneko arrazoi edo desberdintasuna, haurrek ere txiki-txikitatik endredatu eta bereizi beharrean jartzera derrigortzen gaituen idatzi gabeko araua deszifratzen. Batez ere, gero eta gehiago garelako, itxaron beharrean lehenengo zabaltzen den atean sartzeko ohitura dugunak; disimuluan komuneko atean dagoen neska ilara luzea pasa eta mutilen komunaren parean txistu txikia joz jartzen diren horiek disimulu berarekin atzera bidaltzen ditugunak; eta ateko sarrailari baino begiratzen ez diogunak.
Amorratu egiten nau parrandan hartutako trago bakoitzeko komunerako bidea hartu behar izaten den ordu txikietako une hori, baina onartu beharra daukat han izaten diren hizketaldi eta egoera askok ez daukatela parekorik; guri biharamunean ere barreak ihes egin zigun gure aurpegiak gogoratze hutsak.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
