Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Otaño eta Azurmendi finalerdietan izango dira

Gipuzkoarrek lan asko egin behar izan zuten Ander Erasun eta Jon Rekondo mendean hartzeko. Orain multzoko lehen postua lortu nahi dute.

Ez zen ezusterik izan atzo Leitzan jokatu zen B multzoko bigarren jardunaldian, eta txapela irabazteko faboritoak diren Unai Otañok eta Iñaki Azurmendik garaipena lortu zuten. Orain, Atutxaren eta Mugertza II.aren aurkako kanporaketan lehen postua izango dute jokoan. Erasun eta Rekondo, aldiz, jadanik kanpoan daude.

Gipuzkoarrek garaipena lortu lortu zuten, baina horretarako lana erruz egin behar izan zuten, bukaeran zazpi segundoko aldea baino ez baitzen izan. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu izan zen egin beharreko lehen lana, eta 38an amaitu zuten gipuzkoarrek, segundo bateko tartea kenduz. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra erdibitu behar izan zuten, eta aldea handitu egin zuten.

Otañok eta Azurmendik 56 segundoan ebaki zuten, eta 12 segundoko aldea atera zieten aurkariei. Hirugarren lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita ebaki behar izan zuten. Hori nafarrek irabazi zuten. 2.03 izan zen euren denbora eta gipuzkoarrek 17 segundo gehiago behar izan zituzten. Laugarren lanean, 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta hor Azurmendi eta Otaño gailendu ziren, 19 segundoko tartea lortuz. Azken-aurreko lanean, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita ebaki behar izan zituzten, eta hori nafarrek irabazi zuten.

2.53 izan zen beraien denbora, eta 21 segundoko aldea atera zieten aurkariei, aurretik jarriz. Azkeneko lanean bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi oinbiko ebaki behar izan zituzten, eta hor Otañok eta Azurmendik 13 segundo kendu zizkieten aurkariei. Denera, Iñaki Azurmendik eta Unai Otañok 18 minutu eta 48 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko, eta 18 minutu eta 56 segundo, berriz, Erasunek eta Rekondok. Azken hauek bi saio jokatu eta biak galdu dituzte.