SURFLARI ERNEGATUA

Hil ala bizitzeko eskubidea

Urtarrilaren 27an bodyboard zale batek bizia galdu zuen Santa Cruzeko ur hotzetan. Lau metroko olatuak hartzera itsasoratu zen James Zenk eta olatu batean erori ostean aparrek Santa Cruzeko itsasargia dagoen lurmuturreko haitzetara bultzatu zuten surflaria. Salbamenduko kideak uretako moto batekin gerturatu zitzaizkion, baina honek laguntza orori uko egin zion. Orduan serie handi baten ur masak azpian atzeman eta «Toilet Bowl» (komuneko zuloa) deitzen duten eremura arrastatu zuen surflaria.

Erreskateko bi igerilari Zenk zegoen lekura gerturatzen saiatu ziren, baina beren bizia ere arriskuan zela ikusita atzera egitea erabaki zuten. Zenk korronte eta apar handietako gune batean geratu zen atera ezinik, eta, azkenean, handik gertuen dagoen Cowel hondartzan atera ahal izan zuten. Urertzean suspertzeko lehen sorospen ariketak egin zizkioten eta jarraian Dominicana ospitalera eraman zuten. Han joan zen.

Heriotza honen ostean eztabaida sortu da Santa Cruzen. Sorosleek, norbaiten bizia arriskuan badago, nahiz eta honek laguntza orori uko egin, berau ateratzera behartu ote dezaketen galdetzen dute. Nork bere biziaz edo heriotzaz erabakitzeko izan dezakeen eskubidea dago oinarrian. Batzuek, arriskuan den pertsonaren bizia salbatu behar dela diote. Besteek, haren nahia errespetatu behar dela diote. Alegia, lehenik, bizia edo norberaren eskubideak daude?

Eskubideez hitz egiterakoan gauzak nahasteko joera dago. Batzuentzat edozer da eskubide. Mendebaldeko gaitza dela uste dut, oinarrizko eskubide bat izan daitekeena eta norbaiti garrantzitsu iruditu arren tontakeria bat dena parekatzea. Gizakion oinarrizko beharrak eta norbanako baten nahiak nahastea. Eskubide izan daitekeena, ezinbesteko eskubide gisa aurkeztea, alegia.

Ezagutzen dut Alkolean (Mutriku) surf egiten ari zela Guardia Zibilak uretatik ateratzera behartu zuen lagun bat. Bartzelonan ere, esate baterako, eguraldi oso txarra egiten duenean surf egitea debekatzen dute eta isunak ere jartzen omen dituzte. Arrantzale talde batek itsasoratzen utzi ez zion surflari bat ere ezagutzen dut. Adibideak, beraz, badira nahi adina eta nahi bezalakoak.

Nik neuk ere askotan galdegin diot neure buruari. «Muturreko egoera batean salbamendukoak etorriko balira, laguntza onartuko al nuke?». Azken finean, poliziak dira eta poliziak, badakizue, pertsona zoragarriak izan daitezke, aita edo ama eredugarriak, lagun maitagarriak... baina, polizia bat, definizioz badakigu zer den; beraz, halako batek salbatzea baino ez ote da hobe bertan hiltzea? Nik garbi daukat. «Eskubideak edo bizia» eztabaidari dagokionez, behingoagatik batere maite ez ditudan hippyekin bat nator. Alegia, «eskubideak» aukeratzen ditut, baina bai bizi ahal izateko eta bai hil ahal izateko.