Mikel Zubimendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Umeen aurrean sakrifikaturiko jirafaz

Kommozioa Kopenhagen. Sare sozialak sutan daude eta bikingo barbaroak bueltan dira. Hango zooan bi urteko jirafa bat hil dute eta umeen aurrean bere haragia lehoiei eman diete, otordu eder bat izan dezaten. Sakrifizioaren arrazoia «bikaintasun genetikoa» izan da, animalia sendo eta indartsuenak aurrera egitea helburu, eta zooko arduradunek diotenez, praktika aski ohikoa omen da. A ze zalaparta muntatu den! «Salba dezagun jirafa» eskaera gora eta behera, bikaintasun genetikoa bila- tzea Mengele mediku naziaren praktika dela, umeek animalia hiltzen eta lehoiak haren haragia jaten ikustea sadismo hutsa... esan ez direnak! Ene! Ene! Ikaragarria iruditu zait. Baita, baina, interesgarria ere.

Hasteko, jirafa ala hipopotamoa euskara bezain gureak direla uste dut. Hala sentitzen dut, bai. Horrek, baina, ez narama irakurri ditudan kontu batzuk defendatzera. Ez narama naturaren gurtze fanatiko eta itsu bat egitera, naturaren alde muturreko kultua praktikatzera. Errotik erlijiosoa den jarrera hori, sakralizazioaren erritu eta liturgia guzti horiek ezin ditut, besterik gabe, ontzat eman. Naturzale eta animalista batzuen diskurtsoek exijitzen duten fedea eta debozioa ez dira niretzako eginak.

«Animaliak bezala zibilizatua izan nahi dut», «ez dira beren zoriaz kexu», «gauzen jabetzaren maniak ez ditu erotzen», «besteen aurrean ez dira belaunikatzen», «ez dute beren bekatuengatik negar egiten»... jo, natura eta animaliak larreostia bat direla dirudi. Paradisu zibilizatua, bakezko eden bat... Erlijioa!

Nik ez dakit zooen kudeaketaz eta genetikaz deus. Eskandinavia eremu aurreratua dela uste dut eta, ez dakit, jirafa hil eta umeen aurrean lehoiei jateko emateak izango du esplikazioren bat. Badakit, baina, arrazoimena eta hitza ditugula animalia bezala bereizgarri. Eta erlijio berri horren eta bere ortodoxien aurrean gehiago erabiliko balira eskertzekoa litzateke.

Zeren lehoi arrak bereak ez diren lehoikumeak natural-natural hiltzen ditu, tximinoak kumeak masturbatzen ditu, txakurrak kume emeak ernaltzen ditu, eta abar. Horroretzat dauzkagun intzestua, infantizidioa eta abarrekoak krimen arrunt naturalak dira, Natura bera ere kriminala delako.