Barcinaz harago
Suposatzen dut Nafarroako jende asko pozik ibiliko dela egun hauetan. Yolanda Barcinak duen aurkakotasun maila beste inork inoiz lortzea zaila izango da, eta presidentea erditik kentzeko aukerak irribarreak ugarituko zituen. Ziur asko, UPNko buruzagiari boza eman zioten askoren artean ere bai, «Barcina kanpora» leloa aldarri bihurtu baita aspaldi.
Madriletik mehatxu itxurako oharrak heltzen ari diren arren, gobernuarenak egin duela ematen du, ustelkeriaren estoldek gainezka egin dutelako eta denbora luzez stopper lanean aritu den PSNek bere burua zerbait egiteko beharrean ikusi duelako. Orain arte, pipiak jotako aldamioari eutsi diote, baina haizeak bortitzegi jo du oraingoan eta, beraz, Barcina game over.
Bikain. Baina galdera orain hauxe da: eta hemendik aurrera, zer? Gauza bat da Barcina pikutara bidaltzea eta horrek asetasun intimo eta gozo bat eragi- tea, eta beste bat horrek automatikoki Nafarroak behar duen aldaketa ekartzea. Izan ere, Barcina sistema ustelaren parte da, ordezkari garrantzitsua urte askotan, bai, baina bera ez da sistema eta bera joanda ere egiazko aldaketarik izan ez dadin egingo diren indarrak eta presioak handiak izango dira.
Ezin da ahaztu, alde horretatik, UPNko buruak eta PSNko buruak, orain mutur joka ari diren horiek, eredu berbera ordezkatzen dutela, bakoitzak bere alderdi-interesei eutsiz baina interes garrantzitsuago bati lotuta, estatu-interesari, alegia. Eta Barcina ekuaziotik kenduta litekeena da, eta horren zantzuak badaude, bi alderdi horiek berriro bat egiten saiatzea. Hauteskundeen osteko zenbakiek aukera ematen badiete, ziur nago horretan arituko direla.
Beste alde batetik, aldiz, gauza jakina da alderdi horiek gainbeheran daudela eta ez dutela erraza izango bien artean (eta PPrekin, akaso) erabateko gehiengoa eskuratzea. Kasu horretan, statu quoaren zaindariek B plana indarrean jar lezakete, erdibideko aukera bat. Bide horrek PSN Gobernura eramango luke, baina kazetari sonatu bat ezarriko luke gobernuburu, eta ezkerreko abertzaleak formula horri trabarik ez jartzera behartuko lituzke, horren «alternatiba» UPN izango litzatekeelako. Hori gertatuko balitz, aldaketa batzuk gauzatuko lirateke, noski, baina ez Nafarroak beharko lukeen sakoneko iraulketa.
Hau niri iritzia da, ordea, eta nik ezin izango dut Iruñeko Parlamentuaz ezer erabaki. Madrili berak erabaki dezan utziko diogun, hori da kontua.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
