GARA

«Irrizale» izendatu dituzte Irrien Lagun diren 59 udal eta 94 ikastetxe

Irrien Lagunak Klubak «Irrizale» izendatu zituen atzo zenbait udal eta ikastetxe, Hernaniko Orona Fundazioaren Galarretako eraikin berrian ospatu zen ekitaldi batean. «Irrien Lagunak proiektuan oro har eta bereziki `Irria' aldizkariaren sustapenean bidelagun ditugun 59 udal eta 94 ikastetxe horiei aitortza egiteko aitzakia» izan zen, azaldu zutenez.

Andoain, Arakaldo, Azkoitia, Arbizu, Baztan, Berriatua, Busturia, Gernika, Hernani, Lasarte-Oria, Lazkao, Leitza, Oiartzun, Ondarroa, Pasaia, Soraluze, Usurbil, Zarautz, Zerain, Zestoa, eta Oarsoaldea Mankomunitateko ordezkariak izan ziren atzo ekitaldian, eta ikastetxeen izenean, Basaburuko Ikastola eta Seaska sarekoak, Amaiur ikastetxea, Donostiako Ekintza ikastola, Durangoko Kurutziaga, Errenteriako Koldo Mitxelena, Lezoko Ikastetxea, Oiartzungo Haurtzaro, Orioko Zaragueta, Pasaia-Trintxerpeko Karmengo Ama, Plaentxi eskola publikoa eta Zeraingo Ikastetxeko kideak joan ziren.

Bakoitzak Irrizale Oroigarri bana jaso zuen, proiektuaren parte diren Elkar, Katxiporreta eta Berria taldeko ordezkarien eskutik, Olatz Osa, Joxe Mari Agirretxe eta Mikel Arrieta, hurrenez hurren.

Azken aitortzak urteotan Irrien Lagunak bultzatzen lagundu dieten enpresentzat izan ziren: Bikain eta Lotura Films diseinatzaileak, Abar Produkzioak, Factory Logistika eta Txatxilipurdi Elkartea.

Izendapenok urtero errepikatzeko asmoa dutela adierazi zuten, euren babesa ezinbestekoa dutelako proiektuak segitzeko.