Jon LEUNDA
sokatira Munduko Txapelketa

Euskal tiralariek dominak pilatzen jarraitzen dute

Gaztedik zilarrezko bat eta brontzezko bat lortu zituen eta Ibarrak, brontzezkoa.

Beste hiru domina lortuta amaitu dute euskal taldeek kluben mailako Munduko Txapelketa. Gaur selekzioena hasiko da, eta hor ere izango dira dominak lortzeko aukerak. Atzo Gaztedik zilarrezko bat lortu zuen emakumezkoen 500ekoan eta brontzezkoa, 600eko mistoan. Ibarrak, aldiz, brontzezko domina kolkoratu zuen 500ekoan, emakumezkoen mailan.

Emakumezkoen 500ekoan, zazpi talde bakarrik lehiatu ziren, eta horietako hiru ziren euskal taldeak, baina ezin izan zuen inork urrezko domina lortu, nahiz eta hirurak sartu ziren finalerdietan. Hala ere, zilarrezko eta brontzezko bana kolkoratu ahal izan zituzten.

Hiru euskal taldeak finalerdietan sartuta, garbi zegoen bik elkarren aurka jokatu beharko zutela, eta azkenean batek bakarrik lortu zuen finalerako txartela. Gaztedi izan zen hori lortu zuena, eta urrearen lehia horretan, berriro ere Taiwaneko Jingmai taldea izan zuen. Herenegun ere elkarren aurka neurtu ziren finalerdietan, eta ezin izan zuen mendean hartu, ez eta atzo finalean ere, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen talde bizkaitarrak.

Hirugarren eta laugarren posturako borroka horretan, Badaiotz eta Ibarra lehiatu ziren. Euskal Herrikoan gertatu zen bezalaxe, Gipuzkoako taldeak eraman zuen garaipena, eta horrekin brontzezko domina kolkoratu ahal izan zuen, eta Badaiotzek laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

600eko mistoan, berriro ere Taiwan eta Txina izan ziren nagusi, eta euskal sokatiralariak oraingoan ere urrezko domina lortzetik gertu gelditu baldin baziren ere, brontzezkoa baino ez zuten eskuratu.

Ibarra bi talderekin eta Gaztedi bakarrarekin aritu ziren lanean. Sailkapen fasean, Gaztedik lortu zuen finalerdietan sartzea; Ibarrak, aldiz, ezin izan zuen ezer egin, eta lehen fasea gainditu ezinik geratu zen. Gaztediri finalerdietan berriro ere txinarrak gurutzatu zitzaizkion, eta finaletik kanpo geratu behar izan zuen.

Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Nunding Herbeheretako taldearen aurka lehiatu behar izan zuen, eta hor txapelketako hirugarren domina eskuratu ahal izan zuen Gaztedik, nahiz eta brontzezkoa izan. Finalean, Txinako Steel taldeak mendean hartu zuen Taiwango Jingmai taldea, eta urrezko domina eraman zuen, bai nesketan bai mistoan erabateko nagusitasuna erakutsita.

Mutilen 600ekoan ere bazegoen itxaropenik, baina euskal taldeek dominarik gabe geratu behar izan zuten, nahiz eta Abadiñok oso gertu izan zuen. Bizkaitarrak finalerdietan sartu ziren, baina ezin izan zuten Ipar Irlandako Country Club taldea mendean hartu. Herenegun ere bi talde horiek neurtu ziren, 560ko finalean, eta orduan ere bizkaitarrek ez zuten irabazi.

Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Irlandako Cookhille taldearekin galdu egin zuen, eta kluben txapelketa lehen egunean lortutako dominarekin amaitu behar izan zuten. Urrea Irlandako Clomany taldeak irabazi zuen, eta bigarren Ipar Irlandako Country Club sailkatu zen. Ibarra, Murueta eta Ñapurrak ere aritu ziren.

Selekzioen Txapelketa jarriko da abian

Atzo kluben lehiaketa amaitu ostean, gaur jarriko da abian selekzioen Munduko Txapelketa, eta han arituko da euskal selekzioa, nahiz eta Euskadiko Herri Kirol Federazioaren izenean aritu beharko duen. 9.30ean hasiko da, eta mutilak lehiatuko dira 600ekoan. Abadiño izango da euskal ordezkaria. Ordu erdi bat geroago, berriz, emakumezkoen txanda izango da, eta 540koan arituko dira. Gaztedi arituko da pisu horretan. Azkenik, 13.30ean gizonezkoen 640koen txanda izango da, eta pisu horretan Ibarra arituko da lanean. Ezohiko gauzarik gertatzen ez bada behintzat, gaurkoan ere dominek iritsi beharko lukete. J.L.