Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

«Cirque du Psoeil!»

Gogoan dauzkat itsatsita ume garaiko hainbat pasadizo. Harritzekoa begitandu arren oraindik ere badut buruan antzinako zer batzuk gordetzeko lekua. Itxura batean, beroketa globalaren eraginez nire burua ere zabalduz doa, handituz, ozeanoak egin legetxe. Eta belarriak buruarekin batera joan ere. Tira, harira, pasadizo haietako bat ernatu zait egunotan! Udaldian Gaztelako paramo-en arteko herrixka ahaztu batean bizi nintzela, hara, komedianteak ageri ziren, gurdian ageri ere, eta arratsaldea kale bazterrik kale bazter eman zuten euren ikuskizunaren aldarria egiten. Gauean, esandako orduan, plaza bakarra jendez lepo zegoen, nork bere aulkia etxetik ekarrita, iturri bakarrak zeukan askaren ezkerrean komedianteek ipinitako oholtza moduko baten aurrean. Bai komeriak komediante haienak! Plazako nekazari zailduen nekea arintzekoa behingoz! Barre egiten genuen, naturaltasunez egin ere, berez. Sobera dago esatea artean ez zela Whatsappik.

Total, zertara dator hau? A, bai, komeriak eta komedianteak! Sar, sar eta ikus munduko ikuskizunik handiena hastear da, sar eta ikus. Egia esan, hasita dago. Ez, ez naiz ari atzo herrien erdian eta gaur kanpoko saltoki handien ondoan jaietan jartzen diren karpapeko zirkuez, ez, politikaren atzeko patioan etengabe den zirkuaz ari naiz. Ikusi, makusi! Horra «Cirque du Psoeil»! Ale otzanduak, etxekotuak, urrutiko kontrolpeko buruhandiak, adarra jotzen duten musikari galduak, moketaren parean aritzen diren funanbulistak, sare azpiko trapezistak, mozioen malabaristak, zentsuraren zentsuratzaileak... Sar, ikus, harri eta irten! Gaiaz aldatuta, Nafarroako sozialistak marxistak dira, benetan, eta penetan, marxistak. Grouchoren esaldi xelebreetariko bat gogoan: «Hauexek dira nire printzipioak, gustuko ez badituzu baditut beste batzuk». Nolako printzipioak halako finalak. Nolako ahoa halako ezpainak. Sozialismoa halakoa! Federalismoa halakoa! Sozialista horien kontuak euskaldunen kantuek zeuzkaten iragarriak. Horra! Kataluniako herritik dator notizia, zezen bat izan dela... Bai zera! Espainiako zezen-larrua betikotu nahi duen zezena izan ere. Hortaz, Zezenbide Estatua behean duguna. Hona! Sozialiston estatu-eredua argitua... eredu latz honetan, ez dira hain onak benetan... «Cirque du Psoeil», jalgi hadi atzeko patiora!