Jon Ordoñez
BERRIA, 2014/3/15
HEMEROTEKA

Trabak eta bideak

Herritarren erdiek bake prozesua geldi dagoela uste dute. Jonan Fernandezek aurkeztu dituen datuek agerian uzten dute egoera blokeatuta dagoela uste dutenak gehiengoa direla, baita Espainiako Gobernuak presoekiko duen jarrera bakea lortzeko bidean traba nagusia dela uste dutenak ere.

Fernandezek berak esan zuen igandean egunkari honetan argitaratu zen elkarrizketan aldebiko bideak ez duela etorkizunik; bere hitzetan ordainaren eskema hori «agortuta» dago, «ETA berandu heldu delako». Alde bakarreko bidea aukera bakartzat jotzen zuen Fernandezek. Berak emandako datuei erreparatuta, ordea, Madrilek bere bidea egiten hastea ere beharrezkotzat jotzen dute herritarrek, eta alde horretatik, ez legoke sobera herritarren ordezkari direnek arreta han jartzea eta hedabideetan ez desbideratzea urratsak egiten ari direnengana.

Aurrerapausoak ETAk erraz ditzakeela nabarmendu dute herritarrek, baina traba bat baino gehiago dagoen heinean, horiek gainditzeko bideek ere bat baino gehiago behar dute izan.