Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR LITERATURA

Herri ipuina pintore modernoekin bat

Ikas argitaletxeak plazaraturiko album hau oso bitxia da; azalean bertan nabari da ilustrazioak duen garrantzia eta ilustrazio ugaritasuna, estilo aberastasuna... Sagutxo baten istorioa kontatzen zaigu liburuan, bere egunerokoaz, bere bizitokiaz nekaturik dagoen eta bizileku berri baten bila abiatzen den sagutxoarena.

Bilaketa horretan, Margotxo sagutxoa animalia askoren etxetatik pasatuko da, harik eta azkenean hartzarekin bat egiten duen arte. Egitura errepikakorra duten herri ipuinen antza du alde horretatik liburuak, baita ipuinaren amaierako esaldian jasotako ikaskizunak ere: «Eta hara, sagu ttipi, bidaian zer dunan ikasi, zorionak eta partekatzeak badutela zerikusi».

Margotxoren bidaia oihu batekin hasten da: «Selauru honetan bizitzeaz aski dut!». Hain zuzen, testu horrekin batera ageri zaigun irudiak Van Goghen irudien antza du; istorioak aurrera egin ahala, gainera, Haring, Mondrian, Matisse, Kandinsky, Morrisseau, Klee, Miro, Klimt, Picasso, Seurat, Arcimboldo eta Warhol pintore ezagunen lanen antza duten irudiak ageriko zaizkigu Margotxoren ibilaldian zehar. Irudiak, baina, Quitterie Labordek eginak dira, berak sortuak aurretik aipaturiko pintore famatu horien estiloa imitatuz.

Horiek dira liburu hau ulertzeko gakoak: herri ipuina, bizitoki berri baten bila abiatu den sagutxoarena; eta pintura modernoaren inguruko erakustaldi ederra. Jakina, azken horrek nolabaiteko batasun eza ematen dio istorioari; argumentua bat da baina sagu protagonista oso modu ezberdinetan aurkezten zaigu orrietan. Alde horretatik, estilo ugaritasuna, aberastasun hori, aldeko eta kontrako elementua bilakatzen zaigu.

Narrazioari dagokionez, erraz jarraitzen den istorioa dugu, baita hizkien bidez eginiko irudien pistez lagundurik ere; egitura errepikakorra duenez, oso ongi ulertzen da istorioa. Sagutxo toki batera iristean, beti dugu egitura bera: «Ixo! Animalia bat nonbait gordetzen da...». Ondoren, animaliaren ezaugarri batzuk ematen dira, eta, ostean, «nork ikusi du?» galderaren txanda da. Jarraian, animaliarekin elkarrizketa laburra izango du Sagutxok. Amaieran, beti, aurrera jarraitzeko gonbitea egiten da: «Berdin du, sagu ttipi, lot berriz bideari! Eta ttipi-ttapa, urraska, beste leku baten xerka». Sagutxok jauzika ari den arraina, dortoka zokoka-mokoka, gatua barrandari kukutua, flamenko hegaldari kolorezkoa, sugea, gauenera eta hartzarekin egiten du topo bizileku berri baten bila ari den ibilaldi horretan. Hartzarekin elkartzea erabakitzen du azkenean, «bakarrik» baitaude biak; «elkarrekin gaituk orain, dena joanen duk bikain» dio, eta harrezkero gizakiak uxaturiko animalia biak elkarrekin geratzen dira, partekatzeak eta zorionak... badutelako zerikusi.

Interesgarria, inolako zalantzarik gabe, Ikas etxeak eginiko ekarpen hau, istorio entretenigarria eta pintura modernoa ezagutzen joateko aukera paregabea. Izan ere, pinturarekiko interesa pizteko balio du, eta, bien bitartean, baita Sagutxoren istorioarekin ongi pasatzeko ere.