Sasoikoenen erakustaldia Pierra Mentaren 29. ekitaldian
Emakumezko seniorretan Maude Mathys suitzarrak eta Laetitia Roux frantziarrak osatutako bikotea aise gailendu zen. Gizonezkoetan, berriz, Damiano Lenzi eta Matteo Eydallin italiarrek oso estu irabazi zuten. 208 taldek hartu zuten parte, eta, ohi den legez, lau etapa jokatu ziren.
Hilaren 20tik 23ra Pierra Mentaren 29. ekitaldia jokatu zen, eta, ohi den bezala, nota oso altuarekin amaitu zen. Lau etapa aurretik, 208 talde seniorretan, 2.000 eta 3.000 metro arteko desnibelak, 40° eta gehienez 50°ko aldatsak, milaka ikusle... Hitz batean esanda, urteroko ohiko osagai arrakastatsuak.
Grande Course zirkuituko proba entzutetsu honetan, jakina, Europako lehiakide onenak ziren, eta espero zen bezala, sasoikoenek ez zuten hutsik egin. Bai, otsailaren erdialdean Andorran jokatutako Europako Txapelketan nagusi izan zirenak Pierra Mentan ere gailendu edo aurre-aurrean ibili dira. Emakumezkoen senior mailan, adibidez, Laetitia Rouxek urrea lortu zuen eta Maude Mathys bigarren sailkatu zen. Bada, biak ala biak Pierra Menta lehiatzeko elkartu dira, eta aise irabazi dute.
Gizonezkoetan, berriz, Willian Bon Mardionek eskuratu zuen urrea eta Matteo Eydallin izan zen bigarren. Kasu honetan, Pierra Mentan, Bon Mardion bigarren sailkatu da Matheo Jacquemoudekin, eta Eydallinek garaipen handia erdietsi du Damiano Lenzirekin batera. Gizonezkoetan aipatu behar dugu Kilian Jornet handiak ez duela parte hartu.
Emakumezkoetan, esan dugun bezala, Roux-Mathys bikotea aise gailendu da; izan ere, etapa guztiak irabazi ditu. Datu adierazgarri bat: bigarren talde sailkatuari, Emilie Gex-Axelle Mollaret taldeari, ia ordubeteko aldea atera dio.
Gizonezkoetan, aldiz, lehia askoz ere estu eta interesgarriagoa izan da. Askok zuten faboritotzat Bon Mardion-Jacquemoud taldea, eta ez ziren erratu. Frantsesek bigarren etapa izan ezik, beste hirurak irabazi zituzten. Baina Eydallin-Lenzi italiarrek, bigarren etapan alde handiagoa atera, eta Pierra Menta irabazi zuten. Sailkapen orokorrean italiarrek frantziarrei bi minutuko aldea soilik atera diete.
Lehen euskal eskiatzailea Javier Tirapu izan da, 50. postuan, baina Antonio Blanco asturiarrarekin lehiatu da. Lehen euskal taldea, beraz, Joseba Sarasola eta Igor Alzelaik osatutakoa izan da; 82.ak izan dira.
Gazteen maila ezberdinetan euskal eskiatzaileak ere lehiatu dira. Bi etapa jokatu dituzte. Junior mailan, Iñigo Martinez de Albornozek J. Reynesekin taldea osatu du eta 15.ak izan dira.
Nesken kadete mailan, Maia Uriz Julia Masagerekin lehiatu da eta zazpigarrenak izan dira. Eta Pablo Oderizek eta Iñigo Pascualek osatutako taldeak, azkenik, hamaikagarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Protagonisten iritziak
Behin lau eguneko lasterketa amaituta, GARAk aukera izan du Pierra Mentako protagonista nagusiekin hitz bi egiteko. Matteo Eydallinek, adibidez, baieztatu digu pozez gainezka dagoela: «Hain proba ederra bigarren aldiz irabaztea ez dago edozeinen esku. Lehen egunean arazo teknikoak izan genituen, baina bigarren etapan sekulako lana egin genuen, batez ere azkeneko igoeran. Hor erabaki zen aurtengo Pierra Menta».
Eydallinen bikotekide Damiano Lenzi, berriz, garaipenaren gakoaz mintzatu zaigu: «Azken etapan aldea kontrolatzen saiatu gara eta ez dugu behar baino gehiago arriskatu, besteak beste, eguraldia kaskarra zelako. Pozarren nago, eta eskerrak eman behar dizkiot Matteo taldekideari. Ametsa da Pierra Menta irabaztea, proba mitikoa da! Gakoa bigarren etapa izan da. Etapa luzeena zein gogorrena zen, eta bikain jardun genuen. Lehen etapan hobeto jardutea ere bagenuen, baina nik eskien finkagailuekin arazoak izan nituen. Azken bi etapak, aldiz, kontrolpean izan genituen. Iaz bigarren izan ginen, eta Bon Mardionek eta Jacquemoudek alde handia atera ziguten. Pierra Mentara aurten sasoi betean etorri gara, iazkoaren mendekua hartu nahian eta ezin hobeto egin dugu lan».
Gizonezko bigarren sailkatuak ere gurean izan ditugu. Willian Bon Mardionek adierazi digu irabazteko koska bat falta izan zaiela: «Irabazleak gu baino sasoitsuago heldu dira. Eta aitortu behar dut iaz baino kaskarrago jardun dugula. Zalantzarik gabe, bigarren egunean lasterketa galdu genuen. Urte hasieran otitisa izan nuen eta Matheok gripea otsailean. Honenbestez, ez gara behar bezain indartsu etorri. Hiru etapa irabazi eta bigarren egitea oso gogorra da, baina lasterketak halakoak izaten dira».
Matheo Jacquemoudek, berriz, esan digu bigarren geratzeagatik ez dutela damurik: «Dena eman dugu, baina ezin izan dugu bikote italiarra mendean hartu. Bigarren etapan alde handia atera ziguten, eta ondorengo bi etapatan ezinezkoa egin zaigu aldea murriztea. Gu baino indartsuagoak izan dira. Hori onartu beharra dago».
Laetitia Rouxek argi eta garbi azpimarratu digu laugarren garaipena sinatu duen arren, hunkituta dagoela: «Lehen aldia izan da Maudekin bikotea osatuz irabazten dudana, eta aitortu behar dut ezin hobeto moldatu garela. Beharbada, inork pentsa dezake aise irabazi dugula, baina galtzak bete lan egin behar izan dugu. Saiatu gara behar baino arrisku gehiago ez hartzen, besteak beste, eroriko baten ondorioz dena pikutara ez bidaltzeko».
Rouxen taldekide Maude Mathysek, bestalde, Pierra Mentan lehen garaipena izan du: «Ezin dut sinetsi Pierra Menta irabazi dugunik. Handia da gero! Oraindik ez naiz jabetzen garaipen honen garrantziaz!».
Arestian aipatu dugu, euskal eskiatzaileak ere izan zirela Pierra Mentan. Javier Tirapu horietako bat da eta 50. postuan sailkatu zen: «Nik uste dut Pierra Mentari neurria pixka bat gehiago hartu diogula eta gero eta hobeto jarduten ari garela. Aurtengo ekitaldia gozagarria zein ikusgarria izan da. Nire taldekidea zein biok pozarren gara. Pierra Menta amaitzeagatik harro gaude».

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
