Sorhuetek eta Etxetok sendo jarraitzen dute
A multzoko bikoterik onena izateaz gain, sasoi bikainean daude eta atzo argi eta garbi erakutsi zuten une honetan txapela lortzeko ere faborito nagusiak direla. Lanbert anaiek ere itxura bikaina eman zuten.

SORHUET-ETXETO 40
LANBERT ANAIAK 31
Sorhuetek eta Etxetok lortu zuten A multzoko lehen postua, atzo Lanbert anaiei irabazi ostean. Azken hauek bigarren postuan amaituko dute lehen fase hau, eta biak izango dira datorren asteko finalerdietan.
Jendetza batu zen atzo partida ederra ikusiko zuten itxaropenarekin, eta ez ziren damutuko, neurketa bikaina izan zen eta. Lanbert anaiak indartsu hasi ziren, eta zortzigarren kintzeraino aurretik joan ziren. Sorhueten eta Etxetoren erreakzioa etorri zen orduan, eta 14-4ko partziala sartu eta 18-8 aurretik jarri ziren.
Horrekin, bazirudien faboritoek bidea nahikoa erraztu zutela, baina Lanbert anaiek ere ez zeuden etsitzeko, eta 28-28 berdintzea lortu zuten. Etxetori nekatu samar sumatzen zitzaion, eta bazirudien Lanbert anaiek irabazteko aukerak ere izan zitzaketela, baina orduan agertu zen Sebastien Sorhuet onena, eta berak erabaki zuen neurketa, garaipena lortuz.
Herenegun, berriz, B multzoko azkeneko partida jokatu zen, nahiz eta ez zuen inongo garrantzirik, aritu zirenetako inork ez zuelako aurrera egiteko aukerarik. Agirrek eta Bonebeltxek 40 eta 32 irabazi zieten Monzeri eta Ducassou I.ari. Intxauspe zen aritzekoa, baina min hartuta dago, eta Monzek bete zuen haren lekua. Hau ere amateurra da, eta ustekabean etorri zaio onenekin estreinatzeko aukera. Ez dute zorte handirik izan antolatzaileek, lesio asko izan baitira txapelketan zehar, eta horiei lehen zeudenak gehitu behar zaizkie. Azkenean, bi amateurrek jokatzen amaitu dute.
Lehen fasea amaituta, finalerdiak ere erabakita geratu dira eta ostiralean bertan hasiko dira jokatzen. Ostiralean, 19.30ean, Lanbert anaiak Larretxearen eta Harizmendiren aurka neurtuko dira Angelun. Igandean, Donibane Garaziko Garat trinketean jokatuko da bigarren finalerdia. Bertan, Sorhuet eta Etxeto Larralde eta Ezkurraren aurka neurtuko dira. Bi finalerdiotako irabazleak apirilaren 20an lehiatuko dira Baionako Modernen jokatuko den finalean. Beraz, irabazleek, astebeteko atsedena izango dute finala behar bezala prestatu ahal izateko.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
