Xala puntu-puntuan iritsi da berriz ere udaberrira
Aurrelari lekuindarrak neurria bikain hartuta dio hamahiru urtez segidan jokatu duen lehiaketari.

Yves Salaberry Xala izan da Binakako Txapelketaren finalerdietako lehen jardunaldiak utzi duen protagonista nagusietako bat. Lekuineko aurrelariak sekulako norgehiagoka jokatu zuen igandean Eibarren eta Zubietarekin batera ligaxkako lehen garaipena lortu zuen. Argi dago joko puntu ederrean iritsi dela lapurtarra lehiaketaren hondarrera, bere seigarren finala litzatekeena jokatzeko urrats garrantzitsua emanez.
Izan ere, Xala Binakako Txapelketan pilatzen ari den zenbakiak ikusgarriak dira. 2002an lehen aldiz parte hartu zuenetik, hamahiru urtez segidan izan da Lehen Mailan aritzeko aukeratuen artean, eta partidaren batean huts egin duen arren -lesioak tarteko-, jada 124 neurketa ditu jokatuak, horietatik 74tan garaile irtenda gainera (ia %60). Beste joko moldeetan ere emaitza bikainak lortu arren -Buruz Buruko hiru final esaterako, 2011n txapela jantziz-, Binakakoan egin du ibilbiderik oparoena.
Aipatu hamahiru ekitaldi horietan, izan dira batzuk bereziki gogoangarriak, estreinakoa adibidez. Lekuindarrak 2000ko ekainaren 25ean egin zuen debuta 20 urterekin, trinketean bere dohainen berri sobera eman ostean. Profesionaletan ere lehen abisua azkar asko eman zuen, 2001ean Bigarren Mailako Buruz Burukoan behe-behetik hasi eta finaleraino helduz: Chafee, Auxkin, Apeztegia, Telleria, Tirapu eta Otxandorena utzi zituen kanpoan, finalean Aritz Berraondoren aurka 22-16 galtzeko.
Hurrengo urtean, 2002an, eman zioten Xalari bere lehen Binakako Txapelketa nagusia jokatzeko aukera, garai hartan bere onenean zebilen Oskar Lasarekin bikote osatuz -gerora beste hiru aldiz ere errepikatuko zuten konbinazioa lekuindarrak eta etxarriarrak-. Final-laurdenetan aurreneko hiru partidak segidan irabazita, aise sailkatu ziren finalerdietara, eta finalerako bidean Olaizola II.a-Errasti bikotea kanporatu zuten bi neurketa estu (22-21 eta 22-16) gaindituta. Martxoaren 10ean Donostian jokatutako finalean, Olaizola I.a eta Patxi Ruiz hartu zituzten mendean 22-19, eta Xalak bere lehen txapel handia jantzi zuen 22 urterekin.
Zazpitik zazpi Eulaterekin
Arrakasta berezirik gabeko urte batzuen ostean, 2007an jantzi zuen lapurtarrak bere bigarren txapela Binakakoan. Peio Martinez de Eulaterekin osatu zuen bikotea eta lehiaketa hura ere ahaztezina izan zen hainbat arrazoirengatik. Min hartuta zegoenez, Xalak ezin izan zituen txapelketako aurreneko hiru norgehiagokak jokatu, eta Ismael Chafeek hartu zuen bere lekua. Garaipen bat eta bi porrot izan ziren ordezkoaren emaitzak Xala itzuli zenerako.
Baina hortik aurrera perfekziora hurbildu ziren Iparraldeko aurrelaria eta atzelari nafarra. Bien artean sekulako feeling-a sumatzen zen kantxa barruan nahiz kanpoan, eta jokatutako zazpi neurketak irabazi egin zituzten: final-laurdenetako hiru, finalerdietako beste hiru -azkenegoan Zubietak ordezkatu zuen Eulate-, eta baita Gasteizen jokatutako finala ere, 22-18 Olaizola I.a eta Belokiren kontra.
Orduz geroztik, gorago edo beherago, ia beti egon da Xala txapelen borrokan erabat sartuta edo borroka horretatik oso gertu. Eta lehen aipatutako feeling-a aurkitu duen bakoitzean bere errendimenduak nabarmen egin du gora. Halaxe gertatu zen 2010ean hasieratik Zubietarekin jokatu zuen lehen txapelketan -orduan ere lehen bi partidak galdu arren, buelta eman eta txapelak janztea lortu zuten-, eta bide bertsutik doa aurtengoa ere, nahiz eta oraindik bi neurketa oso zail dituzten aurretik, lehenengoa igande honetan Donostian Olaizola II.a eta Aretxabaletaren aurka.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
