Jon LEUNDA
Berezkoak

Hemendik aurrera hasiko da benetako Binakako Txapelketa

Berezkoen Binakako Txapelketa azken txanpan sartuko da, eta, askoren ustez, hemendik aurrera jokatuko dira benetako norgehiagokak.

Angelun jokatuko da gaur aurreneko finalerdia, 19.30ean hasita. Bertan, Larretxea eta Harizmendi, Lanbert anaien aurka neurtuko dira. Bi bikoteak oso ongi iritsi dira neurketa honetara, eta ikusleak partida handia ikusteko itxaropenez joango dira.

Larretxea eta Harizmendi dira faboritoak. Dirua ere beraien alde aterako da, baina gero hori kantxan erakutsi beharko dute. Asko dira, ordea, faboritoei zalantzaz begiratzen dietenak, gauzak garbi ikusten ez dituztenak.

Hala ere, lehen fase bikaina eginda sartu dira finalerdietan, multzoko aurrenekoak izanda. Larretxeak aurrean min handia egiten jarraitzen du, eta atzean Harizmendik erraz egiten du pilotan, askotan aurkariari gaina hartuz aritu baita.

Lanbert anaiak ere oso ongi iritsi dira finalerdietara, bere multzoan bigarren amaituta. Jokatu dituzten partida guztietan itxura bikaina eman dute. Faborito izateko presio hori gabe joango dira, baina garaipena lortuko balute ere, ez litzateke ezuste handia izango.