Xabier Izaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Espainiako Justiziaz dihardugu

Angel Berrueta hil zutenetako bati baldintzapeko askatasuna eman dioten aste berean, Isabel Aparicio militante komunista hil da. Kartzelan. Larri gaixorik. Berruetaren hiltzaileari 15 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Isabeli, 11 urte eta 8 hilabetekoa. Lehenengoak hamar urte bete ditu denera, zigorraren bi heren, hain zuzen; hala ere, 2011ko irailetik hirugarren graduan sailkatuta zegoen eta, ondorioz, harrezkeroztik asteko zenbait egunetan lo egitera baino ez zen kartzelara agertzen. Isabel oso gaixorik zegoen, eta zigorretik zazpi urte beteta bazituen ere, egin behar zizkioten probak egiteko ere ez zuten kartzelatik ateratzen.

Arkaitz Bellon elorriarrak Berruetaren hiltzaile horrek baino kartzela urte gehiago bete zituen, eta ez hirugarren graduan, hain zuzen, baldintza latzetan eta etxetik 1.000 kilometrora baizik. Arkaitz Bellonek ez zuen okin bat hil, ezta okin bat hil zuen polizia bat ere. Kale borroka delakoagatik ezarri zizkioten 13 kartzela urte. Eta ia-ia osorik bete zituen kartzelan. Hil arte, Isabelek bezala.

Eta Isabel eta Arkaitz bezala, Josu Uribetxebarria ere kartzelan nahi zuten. Hilda. Ez da susmoa; izan ere, hitzetik hortzera irakurri eta entzun dugu ultren hedabideetan honezkero hilda behar lukeela. Hiltzera atera zuten, baina hil ez denez -haren kasuan estatistikaren araberako probabilitaterik txarrenak bete ez direnez- etxean dute atxilo. Eta fiskalak kartzela eskatu du harentzat atzera berriro.

Hori da legea denentzat berdin dela diotenen Justizia. Espainiako Justizia, alegia.

Inork esango balu horrelako jokabideak borroka armatuaren kausa izan daitezkeela, Estatu honetako fiskal nagusiak ez luke iritzi hori adierazpen askatasunaren eremuan sumatuko, nonbait, Madrilgo artzapezpiku Roucok 36ko gerraren gainekoa ez bezala. Espainiako Justiziaz dihardugu, justiziarekin izendapena beste zerikusirik ez duena.

Ez dut, beraz, halakorik esango. Areago, esango dut horrelako jokabideek ez dutela borroka armatuaren kausa izan behar, baina bai borroka azkartu, zorroztu eta areagotzekoa.