Patxi Aznar Bellido
Andoain
GUTUNAK

Euskara

Euskara Nafarroako Parlamentuan, Ezkerra taldeak aurkeztutako mozioa dela-eta, euskaraz ikasten duten ikasleak eskolako ekintzetan erdaldunekin nahasi beharko dituzte. Ezkerrak dioenaren arabera, gaurko egoera baztertzailea da, euskarazko eta erdarazko ereduetako ikasleak ez daudelako nahastuta. Hori irakurrita, ziur nago proposamen honen helburua ona zela, baina komunitate horretan euskarak bizi duen egoera tamalgarriarekin ez dut uste ekimen hau onerako izango denik. Halaber, A eta G ereduko ikasleak nahastuz gero, ez da ezer gertatzen, bi kasuetan ikasle hauek gaztelera erabiltzen dutelako. Kontua da ikasle horiek euskara ez jakiteagatik, D ereduko ikasleek ezingo dutela euskaraz hitz egin. Nire ustez, ideia hau ondo garatzeko ikasle guztiek bi hizkuntzak ulertu beharko lituzkete.

Nolanahi ere, Nafarroako Erkidegoko Gobernuak euskarari laguntza guztiak kentzen dizkion heinean, komunitate horretan euskaraz normaltasunez bizitzea ezinezkoa izango da. Eta normaltasunez hitz egiten ari naizenez, arestian Euskal Herriko egunkari batean Patxi Baztarrika kontselariordeak esandakoarekin ez nago ados; Patxiren esanetan, hizkuntzako araudia betetzen ez duen administrazio bakarra Estatukoa da, auzi honetan euskal Administrazioak egiten dituen ahaleginak kontuan izanda ere, oraindik zenbait esparrutan; esate baterako, Osakidetzan edo Ertzaintzan hutsegiteak nabariak dira, eta zer esanik ez hezkuntzan telefonoa hartzen dutenez.

Gai honekin, bukatu baino lehen, Euskal Herrian erabiltzaileen kopuruaren jaitsiera azpimarratu nahi dut. Zehatz-mehatz, honako datuak: 2006an erabiltzaile-kopurua %13,7koa bazen, 2011n %13,3koa zen. Beraz, euskararen arloan, alde batetik aurrerapausoak ematen badira ere, beste aldetik, berriz, atzera goaz. Zergatik?