Aritz Soloeta Garmendia
GUTUNAK

Gizon bibotedun txiki batek

Politika egiteko era arriskutsuena itxurakeriazko politika da, ezbairik gabe. Herritarrok politika «zuzenak» praktikara eramaten dituztenen aurkako haserre plantak edota salaketa faltsuak hedabideetan aditu ditzagun, hainbat buruzagi politikok lema dibertigarriak aurkituz darabilten jolasa, hain zuzen.

Euskal Herriari dagokionez, maratoi itxura hartu duen jolas honetako partaiderik azkarrena, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia da. Jimenezek, hala ere, gertu nabari du Patxi Lopezen arnasaldia, eta EAJko hainbat goi kargudun ere, lehendakaria barne, harro eta dotore ageri dira aurrean dituzten bi horien ipurdiei gerizpea eginez.

Egoeraren irakurketa zuzena egiteko, arazoa batez ere perspektiba psikologiko batetik aztertzea komeniko litzateke. Hala, asko dira Estatu espainolaren gainbeheraren aztarnak edonon aditzen dituztenak; antzinako kontu bilakatu den benetako familia izaeraren egungo egoeran, hainbat erakunde publikotan infiltratu den ETAren garro ideologikoaren mehatxuan... Horrenbestez, gizon bibotedun txiki batek Fiteron, Donostian edota Bilbon duela gutxi ikusitako irudiei erreparatuz harro esango lukeen bezala: eskerrik asko zuoi guztioi; egungo kolaboratzaileei, baita atzokoei ere, finean, eskerrik asko espainiar herritarroi, zuen parte hartze apalagatik, baina batez ere, eskerrik asko Jaungoikoari, nazioak egun bizi duen garai oparoaz gozatzeko aukera eskaintzearren.