GARA DONOSTIA

«Nada que perdonar», euskaraz ibilbidea egina duen thrillerra

Alberto Ladron Aranak euskaraz idatzi ohi ditu bere lanak. Azkenaldian nobela beltzean eta misteriozkoetan berezitu da eta, «Arotzaren eskuak» gaztelaniara itzuli ostean euskaraz bezain arrakastatsua izaten jarraitzen zuela ikusita, «Zer barkaturik ez» lana itzuli du orain.

Mikel Nafarroako Ogasuneko funtzionarioa da. Emazteak utzi zuenetik depresioak jota dabil, bajan, eta gainera bere anaia Julenen arazoak ere jasan behar ditu. Kartzelatik atera eta gutxira klinika bati su eman dio. Atzetik dauzka Armentia inspektorea eta Ukrainako narkotrafikatzaile talde bat. Hori gutxi balitz, Lucia Iruñera iritsi da berarengatik galdezka, Bigarren Mundu Gerran Nafarroako Pirinioetan gertatutako misterio ilun bat argitzeko laguntza behar duela-eta.

«Gaur egungo Nafarroan gertatzen dira ekintzak, baina misterioak iraganera eramaten gaitu. Duela 30-40 urte gertatutako zerbaiti buruz ari garenez, gertaera horren lekuko izan ziren pertsonak ere liburuan agertzeko aukera izan dut», azaldu zuen idazleak aurkezpenean.

Izan ere, «Nada que perdonar» (Txertoa) Ladron Aranak euskaraz idatzitako bosgarren nobelaren itzulpena da, «Zer barkaturik ez» (2011) liburuarena, alegia. Aurretik ildo berari heltzen dioten beste bi nobela idatzi zituen: «Arotzaren eskuak» (2006) eta «Ahaztuen mendekua» (2009). Guztiak Nafarroan eta gaur egun kokatzen dira, baina lehenak Lehen Mundu Gerrako misterio batera eramaten du irakurlea eta bigarrenak Gerra Zibilera egiten du salto.

«Arotzaren eskuak»-en euskarazko 15. edizioa argitaratu zutenean erabaki zuen Ladron Aranak lana gaztelaniara itzultzea, eta bertsio horrek ere («Las manos del carpintero») irakurleen artean arrakasta zuela ikusita, idatzitako azken-aurreko lana ere -honen atzetik «Piztiaren begiak» argitaratu zuen- itzultzea erabaki zuen, Martin Anso editorearen laguntzarekin euskarazko bertsioaren 4. edizioa kalean dagoenean.

«Nobela hau krisian sortu eta hazi egin da; beraz, niretzat hori jada pozgarria da», esan zuen idazleak. Erritmo bizia du istorioak, lehenengo pasartetik misterioaren bidean jartzen gaituena. «Uste dut irakurlea hasieratik erakarriko duela, bukaeraraino. Eta bukaera ere espero dut ustekabekoa izatea», azaldu zuen aurkezpenean.

Ekintza, misterioa, suspensea eta umorea dira nobela honen osagai nagusiak, nahiz eta aurreneko aldiz maitasun puntu bat ere gehitu duen. «Hasieran dudak izan nituen, literaturan ez baitut inoiz alderdi hori landu, baina eroso sentitzen nintzela konturatu nintzen berehala». Editorearen ustez, euskaraz irakurtzeko nobela aproposa da, baina gaztelaniaz irakurtzeko ohitura duen jende asko dagoenez, orain genero honetako beste nobelekin lehiatu daiteke. «Abantaila da agertokiak gertukoak zaizkigula».