Bermeo fracking gabeko udalerri izendatu du udalbatzak
Bermeoko Udalak frackingaren kontrako mozioa onartu zuen ostegunean. Udal Gobernuak, EH Bilduren eskuetan, herritarrek aurkeztutako mozioaren alde egin zuen bederatzi bozekin; EAJko zortzi zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren.
Josu Imanol Unanue EH Bilduko zinegotziak bidalitako oharrean frackingaren kontra agertu diren herritarren lana goraipatzen da. Testuan agertzen den bezala, beraiek egindako lanari esker Bermeo fracking gabeko udalerri izendatu du udalbatzak.
Oharraren egileek gogor kritikatu dute EAJko zinegotzien jarrera. Azaldu dutenez, nahiz eta abstenitu, jeltzaleek zalantzan jarri zuten Geminis proiektuak herriari kalte egingo diola. Halaber, Bermeon burututako bozketak agerian utzi zuen EAJko kideek ez dutela jarrera bateratu bat.
Izan ere, nabarmendu beharrekoa da Zornotzan, Bakion eta beste hainbat udalerritan EAJk haustura hidraulikoaren alde bozkatu duela. Azken batean, SHESAk Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen bitartean eztabaidatu zuen frackingaren erabilpena Euskal Autonomia Erkidegoko herrialdeetan.
Bermeorekin batera, fracking gabeko hemeretzi udalerri daude Bizkaian: Zalla, Barakaldo, Alonsotegi, Urduña, Orozko, Zeanuri, Zeberio, Dima, Igorre, Ubide, Ermua, Lemoa, Sopela, Gatika, Plentzia, Gorliz, Etxebarri eta Gamiz-Fika. Bestalde, Gordexola, Zornotza, Galdakao eta Bakion ez dituzte halako mozioak onartu.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
