Ane ARRUTI DONOSTIA
DONOSTIA KULTURA HIRIBURUA

Kapitainaren faltan, eskifaiak gidatuko du Donostia 2016

Hasi da atzera kontaketa, eta azken asteotan Donostia 2016 proiektuaren inguruan piztu den zalaparta eta krisiari aurre egiteko, batasun irudia aurkeztu nahi izan zuen atzo lantaldeak. Behin-behineko zuzendaritzak gehienez sei hilabeteko epea jarri du zuzendari orokor bat aukeratzeko, eta komunikazio arduradun bat eskatzen dute lehenbailehen, «etxean egindako lana» jendarteari ezagutzera emateko.

Mikrofonoa eskuz esku pasatuz, banan-banan euren burua aurkeztu eta Donostia 2016 Bulegoan duten zeregina azaldu zuten atzo lantaldeko 25 kideek, hasi aldi baterako zuzendaritza teknikoa osatzen duten Xabi Paya, Garbiñe Muñoa eta Enara Garciatik, eta hiru hilabetez praktika lanak egingo dituzten ikasleetaraino. Horrela erantzun nahi izan zuten azken asteetan proiektuaren inguruan sortu diren albiste sorta ezkor eta krisi egoeraren aurrean. Proiektuan sinisten dutela eta egunerokoan lanean jarraitzen dutela berretsi zuten. «Gertatzen dena gertatzen dela, lan egiten jarraitzen duen talde bat garela», esan zuen kultur programetan lanean ari den Ruth Perezek.

«Ondo dakizuen bezala, azken astean enbata izan dugu, ekaitz handia, eta olatuek hutsik utzi dute aginte zubia. Une honetan ontzi honek ez dauka ez kapitainik, ez ofizialik, baina horrek ez du esan nahi hondoratuko denik -esan zuen Xabier Payak-. Hori da talde teknikotik Patronatuari transmititu geniona, aldi baterako zuzendaritza tekniko bat proposatzean. Batez ere, uste dugulako honek kapitain bat behar duela lehorrera eramango gaituena, baina bitartean ur azalean mantenduko dugula ontzia», gaineratu zuen, Itziar Nogerasen dimisioaren ostean, behin-behineko zuzendaritza teknikoko bozeramaile denak.

Zabaldu den krisiaren inguruan, aurretiaz Kultura Hiriburu izan diren hiriekin etengabeko kontaktuan daudela adierazi zuen Payak, eta guztiek kontatu omen diete horrelako krisi edo denboraleak ohikoak direla. «Horietako askok ez dute proiektua komunikatu hasiera data baino hilabete gutxi batzuk lehenago arte. Baina badakigu proiektu hau ez dela gisa horretakoa», onartu zuen Payak, eta horregatik, dagoeneko gainean duten atzera kontaketarako lehentasunak finkatu dituztela esan zuen.

Apirilaren 4an Patronatuari aldi baterako zuzendaritza teknikoaren proposamena egin zietenean, hamar egunen buruan datozen hiru hiletarako lan plangintza aurkezteko konpromisoa hartu zuten, eta beraz, Aste Santuaren aurretik aurkeztuko diote batzorde eragileari. Onartzen bada, orain artean bezala lanean jarraituko dute horretan. Zuzendaritzaren behin-behinekotasunari ere epea jarri diote, sei hilabete, «ahalik eta laburren izan behar duela uste dugulako eta hortik aurrera marra gorriak pasatzen eta zapaltzen ariko ginatekeelako», esan zuen Payak.

Lantaldearen eskaera nagusien artean, zuzendari orokorraz gain, Itziar Elizondoren dimisioaren ondotik hutsik gelditu den komunikazio zuzendariaren figura ordezkatzea da, eta berarekin komunikazio plan bat prestatzea premiazkotzat jotzen dute. «Etxeko lana» egin dutelako orain arte eta hemendik aurrera «kalean hain sarri entzuten den `zer da Donostia 2016?' galderari erantzuna ematea» delako betebehar nagusia, hau da, «lan pedagogikoa», Payaren esanetan.

Odon Elorzak proiektuan sartzeko eskatu zionetik bertan lanean ari den eta orain zuzendaritza teknikoaren aholkulari izendatu duten Santi Erasok bide beretik hitz egin zuen -Sevillatik, bideo konferentzia bidez-. «Proiektuaren irudi ezaguna gu izateari utzi eta lanean ari garen milaka eragile horiek bistaratzeko ordua iritsi da».

Nogerasek dimisioa eman zuenean, bere arrazoietako bat izan zen alderdiek egiten duten bulegoaren «erabilera politikoa». Erasok atzo azpimarratu zuenaren arabera, ordea, alderdi politikoen gorabeherek ez dute sekula esku-sartzerik izan programan. «Proiektu autonomo eta independentea» izaten jarraitzen duela esan zuen. «Konturatu naiz hasierako eduki eta balioekin jarraitzen dugula lanean eta pozik nago, guztia haustera zihoala zirudienean, guztiok bat egin eta gure ardura ez baztertzea erabaki dugulako», esan zuen.

Batasun irudia berresteko, Erasok esan zuen proiektuarekin harremana izan eta utzi dutenek lotura mantentzen dutela eta kolaboratu ere egingo dutela modu batean edo bestean.

Bestalde, azken egunetan Payak 2006an preso batekiko elkartasuna adierazi izateagatik bere izendapena desegokia dela adierazi dutenen aurrean, berak erantzun zuen inoiz ez duela ezer ezkutatu eta lan horretarako aukeratu badute bere curriculumarengatik izan dela. «Proiektu honetan gure gizartea islatzen da, pertsona ezberdinak, izaera ezberdinak... Elkarbizitza sustatu nahi du, adiskidetzea bilatzen du, batera bizitzen ikastea. Horregatik aurkeztu nintzen lan honetarako», gaineratu zuen.